Gabriel Sarasola Ibargoien, Aitor Alkorta Etxeberria, Iñaki Portularrume Unanue eta Iurgi Mendiluze Zuloaga laukoteak, haien prestatzaile Txomin Alkorta Sarriegirekin batera bi plaza osatu dituzte, giza-proba ezin ikusgarriagoan. Emozio handiko 20 minutu izan diren arren, azken minutuetan ikus-entzuleen oihu eta animu mezuek eman diote azken bultzada taldeari, eta denbora agortu baino lehen, bi plaza osatu dituzte. Gogotik txalotu dute laukoteak egin duen ahalegin itzela.
Erronkaren abiapuntua
Egunotan afalorduan plazan ikusiko zenituzten entrenamendu saioetan, denak herritarrak. Erronka honetarako batu dira, prestatzaile lanetan ari den Txomin Alkorta Sarriegiren esanetara. “Espainiako sega txapelduna”, segalari oso onen aurka lehiatua, Usurbil Herri Kirol Taldetik oroitarazi dutenez. Orain giza-probako laukotea prestatze lanetan aritu da.
Erronka, Usurbil Herri Kirol Taldeak Bizkaia aldean dituen zaletuen eta iazko azaroaren 1ean Usurbilen bertan lehiatu zirenen eskutik sortu zen. Bizkaiara harri handia nola mugitzen zuten ikustera gonbidatu eta herrian taldetxo bat osatzeko harra piztu zitzaien. Harri handia mugitzeko sei lagun behar zituzten, baina zaila zela iritzita, “1.800 kilokoa tiratzeko lau tiratzaileez” osaturiko taldea jarri zuten helburu gisa. Hortik sortu zuten taldea igande honetako erronkarako.