"Furgobaratzak hileko bisita bat egiten du Sareko Baratze Parkeetara: aholkuak ematen dizkigu, sortzen dizkigun arazoei erantzuten digu, ditugun zalantzak argitzen dizkigu edo praktika egokiak ere proposatzen dizkigu". Hala dio ekogunea.eus atariak.
Ekainean bezala, konfinamendu garaiko etenaldia alboratuta eta hileroko ohiturari jarraituz Gipuzkoako baratze parkeetan egingo duen biraren baitan, geldialdia egingo du Furgobaratzak astelehen honetan (uztailak 20) Usurbilen; zehazkiago esanda, 18:00-19:30 artean, Agerreazpin kokatua dagoen Baratze Parkean.
Herritar ororentzako doako aholkularitza zerbitzuak eskaintzen du Furgobaratzak. "Zenbaitetan, tailer praktiko eta dinamiko batekin etortzen zaigu, sasoiari lotutako gai bat jorratuz". Horrez gain, "Furgobaratzaren bidez, Kutxa Ekoguneak lursailetarako aholku teknikoak eskuratzeko eta landare eta plantel ekologikoa erosteko aukera eskaintzen du. Eta uztaileko bisitan, baratzea ureztatzeko aholkuak ere zabalduko ditugu".
Irailean itzuliko da Furgobaratza aipatu gunera, irailaren 17an, udazken-negurako baratzearen inguruko aholkuekin.