Etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik, gizonezko bat atxilotu dute goizaldean

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 20a, 09:24

55 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak astelehen goizalde honetan, Usurbilgo etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik.

Ertzaintzak ohar bidez berri eman duenez, 55 urteko gizonezko bat atxilotu du astelehen goizalde honetan, etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik. "Gaur goizaldeko hiru eta erdiak aldera, Usurbilgo bizileku batean zertxobait lehenago gertatutako lapurreta-ahalegin baten berri jaso du Ertzaintzak. Antza denez, egoileek ezezagun bat aurkitu dute etxe barruan, beren jabetzako gauzez betetako poltsa bat zeramala. Ustekabean harrapatu dutela ikustean, ustezko lapurrak poltsa utzi eta ihes egin du", berri ema du Ertzaintzak.

Deia jasota, "Hernaniko ertzain-etxeko herritarren babeserako patruila berehala joan da lekura, eta inguruko parke batean ezkutatzen saiatzen ari zen gizon bat ikusi dute ertzainek. Hori dela eta, identifikatu egin dute". 

Aipaturiko etxe horretan  lapurtzen saiatu dela egiaztatu ostean, "atxilotu egin dute, eta ondoren polizia-bulegoetara eraman, epailearen esku jarri aurretik bidezkoak ziren izapideak egiteko".