Bikoteen hartuemanak, Sexu Aholkularitza Zerbitzuaren arreta gunea

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 21a, 09:42

“Konfinamendua garai zaila izan da askorentzat, zailtasunak balia daitezke gure bikote harremana indartzeko, baina baliteke ere, itxialdi horretatik, gure harremana ahulduta ateratzea. Harremana berpizteko eskura duzu Sexu Aholkularitza Gunea”. Hortxe etxealdi garai luzearen osteko udal zerbitzuaren gonbita.

Ez da jorratzeko gai erraza. “Bikote harremana, elkarbizitzan edo distantzian gorpuzteak bere gorabeherak ditu. Muturreko uneetan, bizi izan dugun konfinamenduak zailtasunak ekartzea logikoa bada ere, harremana bideratzeko erronkan jartzen gaitu”, Elene Jimenez Sexune taldeko sexologo eta gune honen kudeatzailearen esanetan. Zailtasun egoerek hartuemanak indartzeko balio dezaketen arren, baliteke eta “itxialdi horretatik gure harremana ahulduta ateratzea”.

Gunetik bertatik gogorarazten dutenez, batzuetan “guri bakarrik gertatzen zaigula pentsatzen dugu, baina ez da horrela”. Zailtasunak agertuz gero, “zailtasuna arazo bilakatu baino lehen” laguntza eskatzea onena, berandu baino lehen. “Aholkularitza zerbitzuan ditugun bikoteak zailtasunak arazo bilakatutakoan gerturatzen dira” eta Jimenezek ohartarazi dutenez.

Urrats hau ematea zaila dela ulergarria izan arren, aholkularitza zerbitzuarekin hartuemanetan jartzera gonbidatzen dute. “Bikote zailtasunak gaindi daitezke… sinestea, onartzea eta lantzea da gakoa. Sintoma guztiek ez dute konponbide berdina, baina hobeto egoteko bideak jorra daitezke”.

Hamaika egoera
“Sintomak” ugariak, anitzak izan daitezke. “Eztabaidak areagotu badira. Elkarrekiko intimitaterako gogoa apaldu bada. Lehen beregan gogoko zenituen ezberdintasunak, amorragarriak izaten hasi badira. Exijentziak eta leporatzeak egunerokoak bilakatu badira. Etxeko arduren antolaketak konfinamenduan ez dizula balio argi geratzen hasi bada. Umeei eskolako lanak irakasteko pazientziarik ez baduzu. Egitekoen zerrendak gainezka egin badizu. Elkar lotzen gaituena eskasa dela irudituz gero. Seme-alaben zaintzan ezertan ez gatozela bat irudituz gero”, Sexu Aholkularitza Gunea baliagarria izan daiteke.

Baita konfinamendu garai horretan elkarrekin egoterik izan ez duten bikoteen kasuan ere. Etenaldiak luze jo badu, amaigabea izan bada, tarte horretan, telefono nahiz bideo-konferentzia bidezkoak izan badira hartuemanak eta “orain aurre aurrez egoteak lotsa ematen badigu” edota online bizipenon ostean “espero ez nuena izan eta orain atsekabetuta egonez gero”, kasuotan ere lagungarria izan daiteke Sexu Aholkularitza Gunea. Agian, espetxean edo egoitza batean bereizita egon eta berriz elkartzerakoan “intimitatea sortzeko zailtasunak sortzen dira” edo “kutsatzeko beldur, oinarrizko beharrei uko egitea”.

Ariketa lagungarriak
Balizko egoera guztiotan lagungarria izan daiteke Sexu Aholkularitza Gunea. Norberak bere buruari esandakoez, bakarrizketa horietaz jabetzen lagundu dezake. Bikotekideak norbere beharra edo nahia zein den jakin ezin duenez, “behar duzunaz konturatu, gero eskatu ahal izateko. Bestela esperoan egon gaitezke eta espero duguna ematen ez denean, frustrazioa eta bestearekiko haserrea dator”.

Norberak behar duenaz konturatzean eskatzea aholkatzen du. “Besteak ezin du irakurri zure pentsamendua, baina gogoz egin dezake zuk eskatutakoa”. Era berean, espazio bera partekatzeagatik “itota sentitzen bazara, denbora bat hartzea izan daiteke irtenbidea, denborak planifikatzea, txandatzea”. Bi ariketa praktiko ere proposatzen dizkigu Sexu Aholkularitza Guneak. Gustuko 10 gauzen zerrenda osatu eta astero hauei gure agendetan tartetxo bat egitea edota “bikotekidearen gauza ilunak baino ikusten ez dituzunean gelditu, 10 arnasketa egin eta berarengan gustuko dituzun 5 ezaugarri idatzi paper zatitxo batean eta sukaldeko hozkailu parean ikusgarri jarri”.

Informazio gehiago:
Kale Nagusia, 43 behea (Gizarte Zerbitzuen egoitza)
Ordutegia: hilabete bakoitzeko lehen, hirugarren eta bosgarren astearteetan, 17:00-19:00 artean (doan, aurretik hitzordua hartuta).
697 919 516
sexuaholku@usurbil.eus