Udajolasekin batera, asteazkenerako (uztailak 22) iragarria genuen "Urpekakariak" ikuskizuna ere bertan behera utzi behar izan dugu. Beste urteetan, ekainean antolatu izan dugun Plis Plas Txalo eta Jolas ekimena ere bizi dugun ezohiko testuingurura egokitzeko prest genuen. Ekainean, ohiko datan ezin izan genuen antolatu, eta Udajolasen baitan ospatzea erabaki zuen NOAUA! Kultur Elkarteak. Asteazken honetarako (uztailak 22) bi saio genituen programatuak goizeko 10:00etan eta 11:30etan. Udajolaseko parte hartzaileek izan behar zuten lehentasuna. Haurrei zuzenduta Aissa Intxaustik, Arrate Sololuzek eta Eneko Intxaustik eskaini behar zuten bertso antzezlana ordea bertan behera utzi behar izan dugu, Udajolasekin batera.
Gogoan izan, covid19-aren hedapenaren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak udalekuak bertan behera uztea agindu zuen asteburuan, "prebentziozko eta behin-behineko neurri gisa".
Plis Plas Txalo eta Jolas: "Urpekakariak"
Eguna: uztailak 22, asteazkena.
Bi emanaldi: 10:00 / 11:30.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Zehaztasunak: urtero moduan, Plis Plas Txalo eta Jolas haurrei zuzenduriko ekimena antolatu du NOAUA! K.E.-k. Aurten bizi dugun osasun krisialdiak baldintzaturiko ezohiko testuinguru honetan, Udajolasen baitan "Urpekakariak" haurrentzako bertso antzezlana eskaintzekoa zuten Aissa Intxaustik, Arrate Sololuzek eta Eneko Intxaustik.
Antzezlanaren berri: "Galtzerdi eta Leotardo igerilekuan topo egin duten lagun bi dira. Ur bazterrean erdi gogaituta daudela, bihurrikeria bat otuko zaie: zergatik ez hondoko tapoia aurkitu eta igerilekua hustu? Eskura dauzkaten gauzekin urperatzeko jantzia prestatu eta isurbidearen bila abiatuko dira beraiek zelatatzen ari den sorosle petralaren begiradapean. Murgilaldian zehar etengabe egingo dute topo beren gorputzekin; bakoitzak berearekin nola, lagunarenarekin edo igerilekuko gainontzeko erabiltzaileenekin: umeak, helduak, adinduak, aniztasun funtzionala duten igerilariak... Askotariko sentsazioak izango dituzte (arintasuna, itomena, plazera, hozkirria...) eta lantzean gogoeta txiki bat egiteko aukera emango die sentitu eta ikusten ari diren guztiak".
Antolatzailea: NOAUA! K.E.