NOAUA! Nondik nora sortu zen galdetegi bat egiteko ekimena?
Jon Mikel Azpiazu. Konfinamenduan zehar hasi zen gure hausnarketa, ikusten genuelako Covid19-ak krisi handi bat ekarriko zuela eta gazteak izango ginela bereziki kolpatuak. Ideia hau zen: herri mailan argazki bat ateratzea. Konfinamenduak zer suposatu duen eta herriko gazteriak nola ikusten duen etorkizuna, ondoren mugimendu bakoitzak bere talde eragileetan borroka ezberdinak abiatu ahal izateko.
Antzeko azterlanik egin al da beste herrietan?
Malen Arregi. Guk Durangoko adibidea hartu genuen eredu gisa. Hortik hasi ginen.
J. M. A. Euskal Herrian gazte mugimenduko eragile ezberdinak antzeko prozesuak egiten ari dira herri dezentetan. Ez da hemengo kontua bakarrik izan.
Maila nazionalean, Gazte ahotsa izeneko dokumentua plazaratu berri da, Euskal Herriko gazte mugimenduak egiten dituen aldarrikapen ezberdinak batzen dituena.
JON MIKEL AZPIAZU
“Konfinamenduak zer suposatu duen eta herriko gazteriak nola ikusten duen etorkizuna jakin nahi genuen”. 237 gaztek erantzun dute galdetegia
Galdetegia konfinamenduan zehar egin zen, ezta?
Haritz Rekondo. Bai, talde eragile bakoitzak galdera ezberdinak prestatzeko ardura hartu zuen. Eragile bakoitzak bere esparrua ukitzen zuen alderdia jorratuz eta horien inguruko analisia egiteko galderak sortuz.
J. M. A. Haritzek aipatu duen moduan, esparru ezberdinak banatu genituen. Hezkuntza arloa ikasleek landu zuten, zaintzarena herriko talde feministak...
Galdetegia nola burutu zenuten?
M. A. Galdetegia osatzeko garaian, talde eragile ezberdinetako kideek galderak prestatzeko ardura hartu zuten. Beste taldeetako kideekin ere partekatu ziren galderak, denon artean osatzeko. Zerbait gehitzeko bazen, horretarako aukera zegoen. Dokumentu bat egin genuen eta ondoren galdetegia sortzen hasi ginen. Dena batuta, kohesio batekin.
H. R. Zabalpena whatsapp bidez egin zen.
M. A. Eta sare sozialen bidez. Adin tarte ezberdinak markatu genituen eta batzuk ardura bat hartu genuen adin tarte jakin batzuetan, ahalik eta gazte gehienengana iristeko helburuarekin.
H. R. Galdetegiaren prestaketan modu zuzenean parte hartu ez zuten elkarteetara eta koadriletako taldeetara zabaltzeko konpromisoa hartu genuen. Enfasia hor jarri genuen, lagin interesgarri bat hartzea eta lortu da. %29koa izan da partehartze maila.
“Aldarrikapen taula bat plazaratzea ez legoke gaizki”
NOAUA! Partehartzea handia izan da. Jarraipenik izango al du lanketa honek?
Haritz Rekondo. Orain talde eragile bakoitzak hausnarketa sakon bat egin behar du. Irailetik aurrera bere ildoak eta bere ardatzak nola finkatu erabakitzeko. Eta aurrera begira, talde eragileen arteko elkarlana interesgarria izango da.
Jon Mikel Azpiazu. Galdetegiaren osaketan eragile bakoitzak bere arloa aberastu duen bezala, emaitzak jaso eta gero garrantzitsua izango da eragile bakoitzak fokalizatzea datuetan zer borroka zehatz bidera dezakeen hemendik aurrera. Aldarrikapen taula bat plazaratzea ez legoke gaizki. Eragileen mahai horri ere jarraipena ematea interesgarria iruditzen zaigu.
Bestetik, datuak gurutzatzea ere ondo legoke. Enpleguaren arloa adibidez, generoka edo adin tarteka nola ematen den ikusteko. Iruditzen zaigu lagin handi bat lortu dugula, datu pila bat ditugula eta honi zukua atera behar zaiola.
“Gabezia handi bat ikusten da etxebizitzaren arloan”
Atalka antolatu duzue galdetegia. Kulturan, ekitaldiak egiteko plaza baten gabezia aipatu dute askok. Antzeko aldarrikapenik sumatzen al zenuten?
J. M. A. Bai, baina ez genuen uste hain zabaldua zegoenik ideia hori herrian.
H. R. Sutegi batekin zerbait dagoela dirudi baina gehiengo handi batek azaldu zuen gabeziarena.
M. A. Gainera, ez zen galdera bati eginiko erantzuna izan. Proposamenak egiteko ataletik atera zen.
Konfinamenduaren moduko egoera batean, “gazteen soldatak hutsean geratu dira”, azaldu digu Jon Mikel Azpiazuk. “Prekarietatearen seinale bat da.
Gaztetxe baten faltarekin du zerikusia akaso?
H. R. Bai, uste dut gazteek hori dutela faltan, autogestioaren kontzeptuan oinarritutako gune egonkor bat.
Etxebizitzaren arloan, Covid19-a emantzipazioaren kalterako izan dela diote parte hartu duten gazte askok.
J. M. A. Hainbat datu esanguratsu daude arlo horretan. 10etik 1ek bakarrik jaso duela laguntza egoera honetan. Beste datu esanguratsua, soldataren herena uzten dutela etxebizitzan (alokairuan edo maileguan).
Usurbilen Covid19-ak azaleratu egin du arazoa; aurretik hor zegoena eta orain okerrera egin duena. Inpresio hori dute gazteek.
Usurbilen proiektu ezberdinak daude, Txirikorda adibidez, eta gazteok interesa agertu dugu eta parte hartzen ari gara.
H. R. Baina gabezia handi bat ikusten da. Beste datu esanguratsua da, epe laburreko ordainketei aurre egiteko bi herenek arazo dezente izango dituztela.
Enplegua atalean, gazteen iritziak ez dira batere baikorrak. Aurretik ere egoera eskasa bazen, epe laburrean lanpostu bat aurkitzea zaila izango dela ondorioztatu dute.
J. M. A. Klase partikularrak ematen, entrenatzaile moduan... Lan mota hori da nagusi gazteen artean eta konfinamenduarekin galdu egin da. Prekarietatearen seinale bat ere bada, egoera ezengonkor batean gazteen soldatak hutsean geratu dira.
H. R. Etorkizuna ilun ikusten da.
Hezkuntza arloko ondorioak irakurtzean, Ikasleen Zaintza Sarearekin akordatu gara. Nola joan zen esperientzia hura?
M. A. Partehartzea ez zen oso handia izan. Deiak konfinamenduaren amaieran sortu ziren, eta irakasleen inplikazioa handiagoa izan zen bukaera aldean. Baina, orokorrean, ondo baloratzen dugu. Galdetegian sareari jarraipena ematearen alde agertu dira gazteak.
Jarraipena izango du hortaz?
M. A. Akaso beste modu batean, baina ikasleen saretze hori mantentzea oso aberatsa iruditzen zaigu.
Malen Arregi: “Lanketa bat egin beharko da zaintza-lana zer den azaltzeko”
NOAUA! ‘Etxeko Harremanak’ izeneko atala ere bazen galdetegian. Ondorioetako bat da modu parekatuan egiten direla etxeko lanak. Zaintza arloko ardurak ordea, emakumeengan erortzen dira.
Malen Arregi. Zaintza-lanaren garrantzia oso barneratuta dago baina jendeak akaso ez daki zer den zaintza-lana. Galdera askotan erantzunak kontraesankorrak ziren. Aurrera begira, lanketa bat egin beharko da. Jendeak benetan jakin dezan zer den zaintza-lana.