Larunbatean (uztailak 18) jaio zen Maddi, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikide presoen bigarren alaba. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak jaio berriari ongi etorria ematearekin batera, bere garaian Xuarekin eskatu bezala, orain Maddirekin baita biek etxean behar luketela galdegin zuten.
Aldarri honetara batu da Sare Herritarra ere. Espetxean preso dituzten guraso bat edo bien seme-alabekin, "motxiladun haurrekin" astearte honetan eginiko agerraldian, "ongi etorri goxoa" eman nahi izan zioten Maddiri. Bere ahizpa Xuarekin eta gurasoekin batera etxean behar lukeela salatu zuten, euskal presoen adin txikiko ia 100 seme-alabek bizi duten egoerarekin batera. Sei hilabete daramate, urte erdia, etxetik urrun dituzten gurasoak bisitatu ezinik. Eta une honetan espetxe barruan diren presoen haurrek ere berdin, senideen bisitarik jaso gabe dira duela sei hilabetetik.
Urte hasierara arte Valentziako Picassenteko espetxean izan zituzten Olatz eta Patxi. Otsailean Madrilgo Aranjuezeko espetxera lekuz aldatu zituzten. Bi kartzela hauetan, orain Maddi jaio berriarekin batera dira baita Izadi, Irati eta Ilargi. Senideen bisitarik jaso gabe Sare Herritarrak salatu duenez. Abuztuan ere ez dakite ziur bisitarik jaso ahalko duten.
Laugarren zigor erantsia
Pandemia aurretik "motxiladun haurrek" zigor hirukoitza bizi zutela salatzen zuen Sarek. "Egunerokoan guraso presoarekin ezin egona, gurasoei aplikatzen zaien salbuespen legedia dela eta beraiek noizbait etxean izateko esperantza ere ukatzea, eta urrunketa medio, eurak ikusteko egin beharreko milaka kilometroak". Pandemiarekin laugarren zigorra erantsi zaie; "aitarekin, amarekin edo biekin hilabete luzez ezin egotea", nahiz eta egun "normaltasun berria" deritzaion garai ezberdin honetan egon. Deialdi horixe plazaratu zuen Sarek.
"Normaltasun berria behar dugu Euskal Herrian, denok hobe biziko garen normalitatea behar dugu, haurrek bere gurasoekin egoteko aukera ukatua egongo ez den normalitate berria, euskal presorik gabeko normalitatea besteak beste. Behar dugu eta posiblea da", adierazi du Sare Herritarrak.
Euskal presoen eskubideen aldeko datorren mobilizazioak
Uztailak 23-25, ostegunetik larunbatera
Sareren "Izan Bidea" dinamikaren baitan, euskal presoen auzia konpontzeko bizikleta martxa etapaka. Uztailaren 23ko etapa Lekunberrin abiatu eta Hernanin amaituko da, Andoain eta Urnieta zeharkatu ostean. Nahi dutenek abiapuntuan edota Andoainen bertan bat egin dezakete martxarekin. Uztailaren 25ean bestalde, espetxeak eta hiriburuak lotuko dituzten lau etapa iragarri ditu Sarek; Gipuzkoakoa, Martutene eta Donostia artean egingo da. Ekimenean parte hartzeko izena eman aurrez, helbide honetan: http://sare.eus/izan-bidea/bizikleta-itzulia/
Antolatzailea: Sare.
Uztailak 31, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Olatz eta Patxiren bigarren alabari, Maddiri ongietorria eman eta hiruren etxeratzea eskatuko da.
Abuztuak 2, igandea
12:00 Hondartzetako mobilizazioak. Usurbildik Orioko hondartzara joateko deia. Biltzeko gunea; Orioko autopistako zubi azpian.
Abuztuak 28, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.