Egiteko moduak ez zituztela aldarazi, orain arteko lan ildoetan, “ohiko klabeetan jardun dugu” adierazi zuen; bere esanetan, “gure onena ematen eta jendearen onena zukutzen”. Esperientzia honekin, “ikuspegi komunitario batetik erantzutea posible ez ezik beharrezkoa ere badela ikusi dugu”. Bizi dugun testuinguru hau egoki ikusten du alkateak, “komunitatearen garapen jasangarria sustatzeko, gertuko komunitate hori berrindartzeko eta komunitate sentimendu hori hauspotzeko”.
Komunitatea, “elkarren ongizateaz arduratzen den” giza talde gisa definitu zuen. Eta horretan, garapen komunitarioa bultzatzeko beharra “batez ere erantzukidetasunaren ikuspegitik, elkar zaintzatik, elkartasunaren zoru edo eraikuntza komunetik eta batez ere eragile desberdinen lankidetza markoetatik”. Pandemiari aurre egiteko gaitasuna handitu eta hobeto bizitzeko baldintzak eraikitzeko oinarrizko lanabestzat jo zuen komunitatearen lanketa.
Baina horrek “garai zail hauetan jendearen eguneroko bizimoduan benetan eragina izan behar du”. Urteotako udalgintza ereduari segida emanda alkatearen esanetan; udalgintza eredu ireki eta parte hartzailearen bidetik. Herritarren politika publikoak eraikitzeko ereduak “krisi latz honetan lan egiteko modua erraztu digu”.
“Goitik beherako politikak nagusitu dira”
Aurrekaririk gabeko egoera kudeatu behar izan du Udalak, “blokeatzeko denborarik izan gabe, erantzun behar izan dugu”, azaldu zuen Solaberrietak. Beste erakundeen laguntzak murriztuta gainera; gogoan izan, Foru Aldundiak udalen finantziazio iturri nagusietakoa den foru funtsa %20an gutxitu zuen.
Ondorioz, udal aurrekontuak berregokitu behar izan dituzte. Baliabide oso mugatuekin aritu arren, “gure eskumenekoak ez ziren gai askori” eta beste erakundeei aurre hartuta jardun dute, alkateak kontatzen zuenez, hainbatetan aipatu izan den “gobernantza partekaturik” ez baita egon erakundeen artean. “Autoritarismoa, bertikaltasuna, aitakeria bizi izan dut, goitik beherako politikak nagusitu dira”, Solaberrietaren esanetan. Berandu eta “gaizki” iritsitako erabakiak kudeatzea egokitu zaie, “erabaki horiek edukiz janztea, koherentzia ematea, eta batez ere herriko sektore eta eragile kolektiboekin lantzea”.
Elkarlanean zaindu beharreko hiru eremu
Pandemiak orain arte emandakoa kudeatzeko bi fase bereizi zituen; udaberriko oporraldira arteko konfinamenduko lehen aste gogorrenak batetik. Tarte horretan, “urgentziazko neurriak hartu genituen”. Gero hasi zen bigarren fasea, “herria berraktibatzeko arnas luzeko egitasmoak martxan jartzeko ahalegina”.
Arreta gunea kolektibo zaurgarrienetan finkatua du Udalak. Eragileekin, herritarrekin batera elkarlanean zaindu beharreko hiru sektoreak nabarmendu zituen; tokiko merkataritza eta ostalaritza, euskal kultura eta gizarte babesa. Herri merkataritza sustatzeko “Gertuago” erosketa bonuen kanpaina, ostalarientzako diru-laguntza lerroa. Uztaila hasieratik sortzaileei plaza eta herritarrei eskaintza interesgarria bermatzen ari zaien Kultur Bira.
“Ariketa komunitario eta solidarioenari bide eman genion”
Aurretik halabeharrez eta urgentziaz beste hainbat neurri ere hartu behar izan zituzten. Martxoaren 12tik 14ra; sektore ezberdinetako eragileekin (hezkuntza, merkatariak, kultur eta kirol eragileak…) bildu ziren, itxieren aurrean, “zer zetorren oso ondo jakin gabe. Baina elkar babestu eta animatzeko balio izan zuten”. Alarma egoera dekretatu zen egunean, bolondres sareari forma ematen aritu ziren udal ordezkari politiko eta langileak, merkatariak eta herritar talde bat. “24 ordutan lortu genuen oso dinamika interesgarria martxan jartzea. Gure herrian inoiz egin den ariketa komunitario eta solidarioenari bide eman genion”.
125 lagunek eman zuten izena bi egunetan. Horrekin batera, oinarrizko behar sozialak zerrendatu eta “urgentziatik tiraka neurri ezberdinak hartzen hasi ginen”. Besteak beste, sektoreko eragileekin elikadura bankuak itxi zituztenez, zerbitzu hau bermatzeko alarma egoerak iraun duen tartean 32 familiek jaso duten ezohiko diru-laguntza lerro bat jarri zuten martxan.
“Eskerrik asko nirekin gogoratzeagatik”
65 urtetik gorako herritarrei (guztira 2.204) deitu eta musukoak helarazi zizkieten, “udaleko langileen konpromisoa” ezinbestekoa izan zen zeregin honetan eta beste hainbatetan. Gero dei horiei segida eman zien bolondres sareak. “Ez dut ahaztuko egun haietan herriko adineko pertsonengandik jaso genuen berotasuna eta jaso genituen esker hitzak. Gehien errepikatu ziren hitzak, eskerrik asko nirekin gogoratzeagatik izan ziren”, adierazi zuen hunkituta alkateak.
Itxialdi betean, “eskubiderik gabeko kolektiboko” kide gisa definitu zituen haurrek etxean isolatuta erakutsitako jarrera eredugarriagatik eskertzeko balkoietan ospatu zen Umeen Eguna ere antolatu zuten. “Aitortza publiko bat egin nahi izan genien haurrei. Herritar guztiok hunkitu gintuen eguna izan zen, komunitate baten parte sentiarazi gintuen eguna”.
Indarkeria sexista pairatzen ari ziren emakumeentzat, konfinamendu asteetan etxetik atera behar bazuten “bi etxe egokitu genituen”. Alkateak zioenez, “tamalez gure aurreikuspenak bete egin ziren”. Itxialdia hasi eta aste gutxira etxetik atera beharrean aurkitu ziren bi dei jaso zituen Udalak.
Hondakinen bilketa zerbitzua egokitu zuten gaixorik izan edo berrogeialdian zirenentzat. Protokolo bat sortu zuten, “Espainiako Ingurumen Ministerioak eredu gisa hartu zuena, eta hala eskatu duten herri eta udaletara bideratu zena”.
Dena eten, geratu eta itxi zen unean, berregokituta bazen ere zerbitzu publikoei eusteko eginiko saiakera ere nabarmendu zuen alkateak, baita ezinbestean eten behar izan ziren zerbitzuetako “langileen soldatak ehuneko ehunean mantentzeko negoziazioak ere”.
“Benetan oso mugatuak gaude”
Laguntza lerro ezberdinak ireki dituen arren, Udala jabetzen da alkatearen esanetan, “petatxo bat jartzen ari garela, baina Udalok benetan oso mugatuak gaude”, egiturazkoak diren arazoei heltzeko. “Niretzat larriena etxebizitzaren gaia da. Gai horri benetan helduko balitzaio, beste era batera eraiki ahalko genuke dugun gizarte sistema”, zioen Solaberrietak.