Berebiziko garrantzia izan eta gaurkosun ezin handiagoko gaia jorratu zuten UEU-ren 48. udako ikastaroen baitan, duela astebete, uztailaren 16an Usurbilen ospatu ziren Jakin Jardunaldietan; "Pandemiak, distopiak eta mundu berriak". UEU-k zuzenean eskaini zituen jardunaldiko saio guztiak streaming bidez Youtuben duen kanaletik. Goizeko nahiz arratsalde parteko saioekin osaturiko bideo bana albiste honi atxikiak dituzue. Jardunaldi egun hau online zuzenean jarraitzeko aurrez izena eman zutenentzat ere komunikazio bidea zabaldu zuten baita.
Dugun osasun krisialdia tarteko, jardunaldiak presentzialki bizitzeko izena eman zutenekin talde mugatu bat osatu zuten Udarregi Ikastolan. Hizlariak ere bertaratu ziren, eta aipatu moduan, bertan adierazi eta partekaturiko aditu eta arituen jakintza zuzenean eskaini zuten.
UEU-k, Usurbilgo Udalak eta Jakin-ek antolaturiko jardunaldiotara gonbidatu eta gaiok ekarri zituzten:
-Mario Zubiaga (EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea): 'Izu-urtea: Biopolitika COVID-19 birusaren garaian'.
-Arantza Etxeberria (EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea): 'Mikro-bioa, gaitza, normaltasuna, eta naturaren natura'.
-Joseba Azkarraga Etxagibel (EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea): 'Eko-distopia prospektiban, E(H)ko-topia perspektiban'.
-Irati Zubia (Filosofian graduatua): 'Egia-ostea ziurgabetasun garaian'.
-Teresa Larruzea (Filosofian graduatua eta filosofia politikoko masterduna Sorbonako Unibertsitatean): 'Estatuarekiko obedientzia eta erresistentzia pandemian zehar'.
-Tailerra: 'Pandemia garaiko esperientzia: ekimen publiko komunalak'. Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea) eta Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo alkatea).