Harria Hitz bisita gidatua bueltan larunbatean

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 24a, 08:19

Gehienez 15 laguneko taldetxo batek, Usurbilgo kultur altxorrak ezagutzeko aukera izango du goizeko 11:00etan hasita. Izena aurrez eman beharko da. Pandemiak eten dituen ekimenetako bat izan dugu Harria Hitz. Testuinguru honetan, 2020ko lehen bisita gidatua izango da larunbat honetakoa, uztailaren 25ekoa. Datozen hilabeteotarako "sorpresa eta ekitaldi berriak" iragarri dituzte.

"Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen adibide garbia da Usurbil. Herriaren euskal arte eta sorkuntzarekin bat egiten du eta konpromezua beti izan da senda. Inon baino hobeto islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultur-eztanda eta horren ondorengo loraldia ere.

HARRIA HITZ ibilbideak euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu eta hortarako herrian ikus daitezkeen zenbait elementu ezagutuko ditugu bisitan: Dema Plaza, Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura, Jose Luis Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Alejandro Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua…".

Horiek guztiak ezagutzeko aukera izango da larunbatean (uztailak 25) antolatu duten Harria Hitz bisita gidatuan. Usurbilgo kultur altxorretatik barrena bira egiteko 2020ko lehen hitzordua izango da honakoa; pandemiak ekimenok ere eten baititu. Badirudi ordea ez dela azkena izango. "Uda eta udazkenari begira sorpresa eta ekitaldi berriak prestatu ditugu zuentzat". 

Larunbatekora itzulita, gehienez 15 laguneko taldea osatuko dute; izena aurrez eman beharko da.

HARRIA HITZ
Uztailak 25, larunbata
11:00 Usurbilgo frontoian elkartu
11:05 HARRIA HITZ bisita gidatua herrigunean.
12:00 Amaiera

HIZKUNTZA: Azalpenak euskaraz emango dira
Informazioa eta erreserbak: 688 818 017 / info@kultour.pro

Informazio gehiago: harriahitz.eus
Bisitaren prezioa: 5€koa izango da. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da (15 lagun, gehienez).