Koronabirusa

Etxe guztietan launa musuko berrerabilgarri banatuko ditu Udalak, Herritarren Babes Sarearekin

Bost aldiz erabiltzeko moduko lau musuko higieniko eta berrerabilgarri banatuko ditu Udalak Herritarren Babes Sarearen laguntzarekin datozen ordu eta egunotan. Maskaren erabilera derrigortu duten honetan, babeserako baliabide hauek familiei eragiten ari zaien gastuen areagotze horretan lagundu nahi dute, baita eragiten ari den ingurumen arazoan eragin ere. 12.000 musuko erosi ditu Udalak.

Udalaren gutuna eta lau musuko berrerabilgarri higieniko, guztiak gutunazal batean. Datozen ordu eta egunotan etxe bakoitzean jasoko dituzue, Udalaren eta Herritarren Babes Sarearen eskutik. Ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, ostegun arratsaldean Potxoenean aritu ziren herritar bolondresak banaketa lanetarako prestakizun lanetan. 

Gogoan izan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aginduz, musukoaren erabilera derrigorrezkoa da egun jendarekin partekatzen ditugun espazio ireki nahiz itxietan, baita segurtasun distantzia betetzen den kasuetan ere. Jan edo edateko kendu dezakegu soilik. 

Bost aldiz erabiltzeko modukoak
Aipatu moduan, Udalak eta Herritarren Babes Sareak etxez etxe banatuko dituzten lau musuko berrerabilgarri higienikoak "UNE65 arauarekin homologatuak dira, eta bost aldiz garbi daitezke". Udalak berri eman duenez, "hondakinen prebentzio eta kudeaketarako Usurbil 0.0. programaren irudia dute maskarek". Musukoen derrigorrezko erabilera ere ingurumen arazo bat eragiten ari baita. "Errefusaren ontzian bota behar dira, eta hondakin mota horren gehitzea ekar dezake. Horregatik, udalak berrerabileraren printzipioari eutsi dio, eta bost aldiz erabiltzeko modukoak banatuko ditu: zorroan bertan ageri da nola garbitu behar diren azaltzen duen informazioa".

Dakizuenez, maskara mota ezberdinak daude merkatuan. "Maskara kirurgikoak erabilera bakarrekoak dira. Maskara higienikoek kirurgikoen itxura dute, baina UNE65 araua bete behar dute izen hori hartu ahal izateko. EPI-ek, berriz, R hizkia izan behar dute berrerabilgarriak izateko".

12.000 maskara
Maskaren banaketak, musuko hauen derrigorrezko erabilera herritarrei eragiten ari zaien gastuen areagotzean ere lagundu nahi du. Udalak argi du; "maskaren erabilera orokorturako baliabideak jarri beharko lituzke administrazio publikoak, maskarak erosteak familien gastuak handitzea baitakar". Baliabide falta horren aurrean, Udalak urrats bat eman eta nahiz eta tokiko erakunde honen ahalmena ere mugatua izan, "12.000 maskara erosi ditugu" berri eman dute. 

Aipatu moduan launa banatuko dituzte Herritarren Babes Sarearen laguntzaz egunotan etxez etxe. Babes sare horretako hainbat bolondres aritu ziren ostegun arratsaldean Potxoenean prestaketa lanetan, ondoko irudietan ikus dezakezuen moduan.