Konfinamendu osteko lehen bisitariak gaur gure artean, herriko kultur altxorrak ezagutzen

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 25a, 12:09

Urteko lehen Harria Hitz bisita gidatua egin dute larunbat goiz honetan herriko kultur altxorretan barrena. Hitzordu hau ere bizi dugun ezohiko testuingurura egokituta, talde txikian eta musukoekin.

Usurbilgo kultur altxorrez gozatzeko aukera itzuli da gaurkoan. Lehen bisitariak hartu ditu udalerri honek, goiz partean egin duten Harria Hitz bisita gidatuan. 11:00ak pasatxoan frontoitik abiatuta, Udarregiren omenezko eskultura, Mikel Laboaren omenezko plaza eta eskultura, Zumetaren murala, Alejandro Tapiaren murala, Arrastaluren Askatasuna plazako sortze lanak... ezagutzeko aukera izan dute bisitariek.

2020. urte honetan lehen aldiz antolatu da Harria Hitz. Tarteka egin ohi den bisita gidatua etenda egon da hilabeteotan covid19-agatik. Itzuli berriz, gainerako ekitaldien antzera bueltatu da; osasun krisialdi honetara egokituta. Bai gidari lanak egin dituena baita bisitariak ere musukoekin aurpegian, eta parte hartzea mugatuta, talde txikian; 15 lagunentzako lekua zegoen gehienez.

"Sorpresa eta ekitaldi berriak"
Ekimena geratzeko itzuli da. Usurbilgo kultur altxorretatik barrena bira egiteko 2020ko lehen hitzordua izan da gaurkoa, baina ez azkena. "Uda eta udazkenari begira sorpresa eta ekitaldi berriak prestatu ditugu zuentzat", iragarri dute sustatzaileek.

Gogoan izan, "HARRIA HITZ ibilbideak euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu eta hortarako herrian ikus daitezkeen zenbait elementu ezagutuko ditugu bisitan: Dema Plaza, Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura, Jose Luis Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Alejandro Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua…".

Gaurko bisita gidatuan adieraziko zuten moduan, "euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen adibide garbia da Usurbil. Herriaren euskal arte eta sorkuntzarekin bat egiten du eta konpromezua beti izan da senda. Inon baino hobeto islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultur-eztanda eta horren ondorengo loraldia ere".