Jatorrizko gunera itzuli dute Elizako erlojua

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 27a, 11:03

Auzolanean zaharberritu eta asteotan Sutegin ikusgai egon ostean, jatorrizko lekura itzuli dute elizako erlojua gaur goizean, kanpandorrera.

Astelehen goizeko 8:00ak pasatxoan atera dute azken asteotan Sutegin ikusgai egon den Elizako erlojua, jatorrizko gunerantz, kanpandorrerantz. Auzolanean zaharberrituriko ehun urtetik gorako herriko altxor hau plazara eraman eta handik garabi bidez igo dute kanpandorreko balkoiraino. Lanotan parte hartu du udal brigadak, baita erlojua zaharberritzeko egitasmoa sustatu duen "ErlojERUAK" herriko lagun taldeko kideek ere.

Aurrerantzean bertan izango da. Etorkizunera begira, egun Elizako organoarekin batera egiten duten moduan, bisita gidatuak antolatzeko asmoa dago, erlojuaren jatorrizko kokagune horretara.


Erlojua bera, bere historia, non eta nork egin zuen… ikusi eta ikasteko aukera izan da asteotan antolatzaileek Sutegin jarri dituzten ikus-entzunezkoarekin eta panelekin. Ordulari historikoa, Aginagan egin zuen tradizio luzeko erlojugileen familia bateko kide batek. Azken urteotan, Usurbilgo “ErlojERUAK” lagun taldeak zenbait eragilerekin elkarlanean eta Udalarekin sinaturiko lankidetza hitzarmenaren baitan zaharberritze lanetan izan du. Lanak amaitu dituzte; prozesu honen emaitza da hain zuzen, egunotan Sutegin ikusi ahal izan dena. 

“Patsadaz aritu gara, lasai”, zioten “ErlojERUAK” taldeko kideek erakusketaren irekiera ekitaldian. Erlojua elizako kanpandorretik kontu handiz jaitsi, garbitu edota piezaz pieza desmuntatzen, “hurrenkera zehatz batean”. Duela lau urte hasi zituzten lanok.

Bidaia honetan bidelagun izan dituztenak eskertu zituzten erakusketaren irekieran; “ErlojERUAK” lagun taldeko kideak, Udala, Eliza, Yereguitar Elkartekoak, Lanbide Eskolakoak… 2017an erlojua berritzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten Udalarekin eta hainbat eragilerekin. “Herriko ondarea zaindu, berreskuratu eta balorean jartzea da udal honen xede nagusietako bat”, alkate Agurtzane Solaberrietaren esanetan. “Gure historian arakatzea, herri honek arlo ugaritan egindako ibilbidea ezagutzea, gaur garen honetara nola iritsi garen jakin ahal izateko”.

Egitasmo hau norabide horretan kokatzen zuen alkateak; “kultur ondarearen sorburuetan arakatu, gure aurreko belaunaldiak izen abizenez ezagutu, euren langintzaren berri izan eta horren berri ematea, ondorengo belaunaldiok ezagutu eta balioan jarri dezagun”. Elkarlanean. “Elkarlan, lankidetza eta auzolanik gabe nekez eraiki baitaiteke komunitatea”, Solaberrietaren esanetan.

80. erlojua
Usurbilgo kultur ondarean, erlojua ezin “tokikoagoa” dugu. “Harribitxi bat da, balio handikoa”, Solaberrietaren esanetan. Aginagako Ezpaldi Berriko sutegian eraiki zuen tradizio luzeko erlojugileen familiako kidea Benito Yeregui Goldarazenak. Langintza horretan segi dute Yereguitarrek belaunaldiz belaunaldi. Familiako kide Xabier Yereguik Sutegiko erakusketaren irekieran oroitarazi zuenez, “1872an ezkondu zen gure birraitona eta birramona Martina Manterola. Aginagako Ezpaldi Berrin finkatu ziren sutegia zegoelako. 13 seme-alaba izan zituzten”.

Gogoan hartu beharreko zenbaki bat, Benitoren 80. erlojua izan zen Salbatore elizako kanpandorrekoa. Berarentzat azkena. Hura egin muntatu eta hilabete gutxira zendu zen. Baina bere hurrengo belaunaldiak erlojuak sortzen segi zuten; eta bai, eraiki zuten hurrengoari, familia barruko tradizioaren jarraikortasunaren adierazle nagusi gisa, 81. erloju gisa izendatu zuten.



Zaintza lanetarako erreferentzia
Bitxikeria edo pasadizo bat baino gehiago ditu 100 urtetik gorako erlojuak. Ondare material hutsetik haratagokoa izan zela agerian uzten duena. “Joxan Artzek bere poesiaren errimak erlojuaren tik-tak hotsekin markatzen omen zituen”, Yereguik azaldu zuenez. Erlojua sorkuntzarako, bai gu eta gure arbasoak zer ordutan bizi ziren jakiteko, eta zaintzarako ere baliatzen omen zuten. Familiako historia biltzeko lanetan zirela Orreagara joan eta hango apaizak argitu zien, zergatik jartzen zituzten erlojuak auzo edota herrietako elizako kanpandorreetan; zaintzarako. “Gure gaixoak nola zaindu” zehazten zuten erlojuok; gaixotuz gero, medikuak agindutako sendagaiak zenbatero, zer ordutan hartu jakiteko.

Arbasoengandik datorren teknologia hura aldarrikatu zuen Yereguik erakusketaren aurkezpenean; burdinarena. Laster, Sutegitik jatorrizko lekura itzuliko da Usurbilgo elizako erlojua. “Baina jarri dezagun bere lekuan. Behin esaldi bat irakurri nuen liburuxka batean. Lekuari dagozkionak bakarrik ez, lekua osatzen dutenak dira gauzak. Gauzek bere lekua osatzen dute”. 

Ildo beretik, proiektu honen garrantzia nabarmendu zuen Ibon Alberdi Salbatore Parrokiako apaizak. “Konturatu behar gara ez dugula bakarrik ondare materiala, baita pertsonala ere”, gogorarazi zuen. Erlojua zaharberritzeko egitasmoan bideratu den lanketa jarri zuen adibide gisa. “Hori ere gizarte ondarea da. Ez dezagula galdu”, galdegin zuen, gainerako kideek egin bezala, proiektu honen bueltan egondako elkarlana goraipatu eta eskertzearekin batera. Gogoan hartu zituen, “ondare hau 100 urteotan honaino ekarri dutenak”. Zaharberritze lanetan parte hartu dutenak orain, edota iraganean, erlojuak egoki funtzionatzeko “pesa horiek igotzen zituztenak; Aranburutarrak, Joxe Mari Izagirre…”

Alkateak gogorarazi zuen moduan, egun Sutegin dagoen erlojuaren ibileren azken kronika, jatorrizko lekura, elizako kanpandorrera itzultzean idatziko da, laster. Garai berrietara egokituta, automatikoki funtzionatuko du. Bere xarma galdu gabe; Sutegira joateaz gain, jatorrizko kokagunean bertatik bertara ikusi nahi duzuenok, badirudi horretarako aukera izango dela etorkizunean. Bisita gidatuak antolatzeko asmotan dira.