Udajolaseko kuotaren erdia itzuliko zaie parte hartzaileei

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 27a, 11:00

NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolatu eta duela astebete pasatxo bertan behera utzi behar izan ziren udalekuetako kuotaren erdia itzultzea erabaki dute; eman ez den zerbitzu asteetako zati proportzionala alegia. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak EUDEL-ekin batera udalekuak etetea galdegin zuten uztailaren 18an.

Gogoan izan, uztailaren 6tik 30era iragarria zegoen Udajolas. Lehen bi asteak, hilaren 6tik 17rako hamabostaldia baino ezin izan zen egin. Hilaren 18an, larunbat eguerdian eta agerraldi bidez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalekuak bertan behera uztea galdegin zuen, EUDEL-ekin batera, prebentzioz eta behin-behinean. Prebentzioagatik, eta parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko Udajolas etenda geratu zen Usurbilen. Bi asteotan eskaini behar zen zerbitzua bertan behera utzi zen.

Alarma egoera indarrean jarri zenetik Udalak beste hainbat uneetan egin duen moduan, eskaini ez duen zerbitzuagatik ez kobratzea erabaki da baita Udajolasen kasuan ere. Honenbestez, uztailaren 20tik 30era eskaini ez den zerbitzuari dagokion matrikulazio gastuaren zatia da, ekimeneko parte hartzaile 4-12 urte arteko 140 haur eta gaztetxoei itzuliko zaiena. Ordaindutako kuotaren %50a alegia.

Kasu diagnostikatuen gorakadagatik
Covid19-az diagnostikaturiko kasu kopuruaren gorakada aintzakotzat izanda, Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri iragarri zituen bapatean eta agerraldi bidez; zentro soziosanitarioei dagokienean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiekin batera, Eguneko Zentroak ixtea eta adinekoen egoitzetan egoiliarrei irteerak murriztu eta bisitak mugatzea. Usurbila etorrita, Eguneko Zentroa ixtea erabaki zuen Udalak.

Jaurlaritzak Euskadiko Udalen Elkartekin (Eudel) batera bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalekuak bertan behera uztea erabaki zuten. Honenbestez, eta pena handiz, Usurbilen Udajolas ere bertan behera utzi behar izan genuen. Udalak Kiroldegian egunotan egitekoak ziren ikastaroak ere eten egin zituen. “Abuztuan ere eskaintzekoak ziren ikastaro horiek, baina egoeraren arabera baloratuko dute eskaini edo ez”, ohartarazi zuen.