Urumeakoekin batera, Oria ertzeko udalerriek uholde-arrisku handiena etorkizuneko Gipuzkoan

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 27a, 11:05

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Naturklimak "Gipuzkoako Klima Aldaketaren Eraginari eta Zaurgarritasunari" buruz kaleratu duten "0 txostenak" etorkizunera begira ohartarazi duenez, "Gipuzkoako udalerri gehienek uholde-arriskua izango dute. Oria eta Urumea ibaien arroetako udalerriek dute arrisku handiena".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamenduak eta Naturklima Fundazioaren Behatokiak  landutako "Gipuzkoako Klima Aldaketaren Eraginari eta Zaurgarritasunari buruzko lehenengo txostena" aurkeztu dute egunotan.

Ikerlanak "Gipuzkoako Klima Aldaketaren Eraginari eta Zaurgarritasunari buruzko Txostenak” klima-aldaketak Gipuzkoako ingurune naturalean eta lurraldeko 10 sektore sozioekonomikotan dituen eraginak aztertzen ditu". Urtero eguneratu asmo duten txosten honen xedea, "etorkizunean egokitze-neurriak hartzea eta, hartara, lurraldearen zaurgarritasuna murriztea",  eskualde eta tokiko plangintzen bidez. 

Klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko Gipuzkoako ahulezia aitortuta, oinarrizko eta ezinbesteko tresnatzat jo dute urterokoa izatea nahi duten txosten hau, "emisiorik gabeko ekonomia berde bat sustatzeko eta lurraldearen erresilientzia handitzeko arintze- eta egokitze-politikak gidatzeko".

Oria eta Urumea ertzetan, uholde arrisku handiena
Azterlan honen emaitzak, Gipuzkoa hauxe marraztu du etorkizunerako:
-Azken 50 urteetan 1,2 gradu igo ostean, mendea amaitzerako 3 gradura arte igo daiteke bataz besteko tenperatura.
-Beste hilabete bero bat gehiago izan dezakegu. 
-Prezipitazioen %5-%11 arteko murrizketa (udan %35ekoa).
-50-70 zentimetro igo daiteke itsasoaren maila mendearen amaierarako, olatuak %5-%10 hazi eta hondartzen %25-%40 desagertu. Ondorioz, lehorte, ibai- eta itsas-uholdeen ugaritzea. Kostaldean bizi den Gipuzkoako biztanleriaren %40ari eragingo liokete (500 urteko tartean, 10.499 pertsonatik 35.435 pertsonara hazi daiteke kaltetuen kopurua). Turismoan, ingurumenean edota garraio zerbitzuetan eragin dezake horrek guztiak.
-Prezipitazioak ugaritzen diren uneetan, Gipuzkoako udalerri gehienek izango lukete uholde arriskua, handiena Oria eta Urumea ibaien arroetakoek.
-Lehorteek nekazaritza sektoreari eragingo liokete, "arrisku handiak" izango lituzketen udalerrien eta herritarren %100ari.
-Bero-boladek heriotza arriskua areagotu dezakete: Donostian adibidez, 30 gradutik gorako tenperaturan, heriotza-tasa %6,54 igoko litzateke. Asma krisiak eta alergiak areagotzea ekarriko lukete.