Kultur Bira

Orain arteko Kultur Bira iruditan

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 28a, 11:52

Usurbilgo kultur zikloak orain arte eman duena, "Kultur Bira" izeneko kanalean bildu dugu. Gogoan izan, sortzaileen eta kultur zaleen jira ez dela amaitu oraindik. Asteotarako zenbait hitzordu iragarri dituzte; izen ematea eta xehetasunak usurbilkultura.eus atarian dituzue.

Jira eta bira dabil euskal kultura Usurbilen barrena azken hilabete honetan; lehendik prekarizatua egon eta covid19-ak baldintza zailetan sakontzea eragin duen euskal sortzaileen sektoreari bultzada emanez, eta udako ohiko jai zein bestelako ospakizunik gabe geratu diren herritarrei, kultur eskaintza erakargarria plazaratzen.

Herriko musika taldeen kontzertuez gozatzeko parada izan da. Amebak, Malenek eta Maddik eta Mihisek estreinako kontzertuak eskaini dituzte, Natali edota Odolaren Mintzoa ere bidelagun izan ditu zikloak. 

"Birritan bortxatua" eta "Skratx" antzezlanak, Herri Kirolen Eguna, haurrei zuzenduriko altxorraren bila... Denetarik eta denontzako egon da ekitaldirik. Eta txoko ezberdinetan: Herriko Artixtek emandako aldi bereko hasiera hirukoitza Santuenean, Txokoalden eta Usurbilen... Santueneko karpa guneko kontzertuak, Urdaiagako ibilaldi gidatua, Zubietako bertso eta dantza saioak, Aginagako Eliza Zaharreko saioak...

Guztia, bizi dugun ezohiko testuingurura egokituta, herritarrak erabat errespetatzen ari diren prebentzio neurri zorrotzen artean. Formatu txikietan, eserlekuak elkarrengandik beharrezko segurtasun distantziara, eskuak garbituta, musukoak jantzita...

Ezohiko irudi dezente utzi dizkigu lehen hilabetea betetzear den Kultur Birak. NOAUA!n jasotako irudiak ondoko kanalean bildu ditugu: https://noaua.eus/bereziak/kultur-bira

Gogoan izan; jira betean segiko du Kultur Birak asteotan. Hemen datozen hitzorduen berri:

DONOSTIAKO 81. MUSIKA HAMABOSTALDIA: "ORGANO ZIKLOA"
UZTAILAK 31, OSTIRALA
22:00 Kontzertua Agiñako Eliza Zarraren kanpoan: Dalton Anaiak
“Elektropapo elektrotxarangako kideen proposamen akustikoa dugu Dalton Anaiak izeneko proiektu berria”.
Sarrera: herritar bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu, gehienez. Sarrerak eskuratzeko uztailaren 29ra arteko epea. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik. 
Edukiera: 50 lagun.

ABUZTUAK 2, IGANDEA
20:00 Loreto Fernandez Imaz organo jolearen eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoaren emanaldia Salbatore Elizan.
Zehaztasunak: "Couperin, Fauré, Messiaen, Guridi, Sorozabal eta abarren obra".
Sarrera: sarrerak eskuratzeko uztailaren 30era arteko epea. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik.
Edukiera: 95 lagun.


ABUZTUAK 9, IGANDEA
20:00 Pablo Mezzelani (instrumentu multietnikoak), Pedro Aguinaga (biolina) eta Loreto Aramendi (órgano) hirukotearen emanaldia Salbatore Elizan.

Zehaztasunak: "Franck, Duruflé, Liszt eta “Vientos y Piedras” (Armenia, Bolivia, Afganistan, Argentina, Txina, eta beste hainbat lekutako pieza tradizionalak)".
Sarrera: sarrerak eskuratzeko abuztuaren 7ra arteko epea. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik.
Edukiera: 95 lagun.

Oharrak:
-Sarrerak aurrez eskuragarri usurbilkultura.eus webgunean.

Informazio gehiagorako:
943 371 999
usurbilkultura.eus

Antolatzaileak: Jexux Artze K.E., Agiñako Eliza Zarra herri elkargunea, San Estebango Jai Batzordea, Herriko Artixtak, Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartea, Santueneko Jai Batzordea, Xauxar Txosna Batzordea, Atxegaldeko Jai Batzordea, Usurbilgo Jai Batzordea, Usurbilgo Udala.