Udal zerbitzuetan oporrik ez abuztuan

Ezohiko uda biziko dugu aurten eta horren isla dira baita udal zerbitzuak. Abuztuan ez dute oporrik izango. Konfinamenduak udaberrian beharturiko itxierek eta egun bizi dugun ezohiko testuinguruak zabalik mantenduko dituzte aurten besteak beste, Sutegi udal liburutegia edota Oiardo Kiroldegia. 

Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, udal zerbitzu guztiek martxan segiko dute datorren hilabetean, abuztuan. Gogoan izan, covid19-aren eraginez udaberri partean izan genuen konfinamenduak zenbait udal zerbitzu ixtea ekarri zuen. Horrekin eta bizi dugun ezohiko testuinguru honetan, aurreko urteetan uda partean itxita aurkituko genituzkeen hainbat gune oraingoan irekita egongo direla iragarri du Udalak.

"Udal-zerbitzu guztiak martxan izango dira abuztuan. Ohiko testuinguruan, kiroldegia, esaterako, itxi egingo lukete oporraldiengatik. Liburutegia ere barneko lanak egin ahal izateko itxi ohi dute, lau bat egunez. Aurten, aldiz, konfinamenduan itxita egon direnez, ez ixtea erabaki dute". 

Aurreko urteetan udako oporraldia bideratu izan ohi dute hainbat lan egiteko; aurtengoan, konfinamendu garaia baliatu zuten horretarako. "Kiroldegiaren kasuan, abuztuko oporraldia aprobetxatu ohi zuten igerilekuen urteroko mantentze lanak egiteko; aurten, ordea, itxialdia aprobetxatu dute zeregin horietarako. Dena den, udan ere zita hartzea beharrezkoa izango da kiroldegira sartu ahal izateko. Liburutegian ere, antzera: barne lanak egin dituzte konfinamendu garaian, eta, beraz, abuztuan ez dute itxiko. Gizarte zerbitzuek ohiko ordutegiari eutsiko diote", berri eman du Udalak.

UDAL ZERBITZUAK ABUZTUAN
Udaletxeko harrera:
Astelehenetik ostiralera, 08:00-14:00

Kiroldegia:
Astelehenetik ostiralera: 07:00-12:30 eta 15:30-20:00 
Larunbat, igande eta jaiegunak: 09:00-13:00 

Liburutegia (irailaren 7ra arte):
Astelehenetik ostiralera, 09:30-14:00

Potxoenea:
Astelehenetik ostiralera, 09:00-14:00

Gizarte zerbitzuak:
Astelehenetik ostiralera, 09:00-14:00