Asteazken hau, errenta aitortzeko azken eguna

Gogoan izan, covid19-ak eragindako konfinamendua tarteko, errenta aitorpena aurkezteko epea luzatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak; bain adi, uztailaren 29ra arte hain zuzen. Tramitazio hau bideratzeko asteazken hau duzue beraz, azken eguna.

Errenta aitorpena aurrez aurre ogasuneko bulegoetan nahiz online aurkezteko aukerak zabalik segitzen du. Uztailaren 29ra arte bideratu ahalko da; gogoan izan halere, uztailaren 7an itxi zuten txanda eskatzeko epea. Ahal den neurrian, aitorpena Internet bidez tramitatzea eskatu izan du Aldundiak hilabeteotan, zergabidea.gipuzkoa.eus ataritik, nahiz aipatu moduan Ogasuneko bulegoak zabalik dauden.

Tramitazioa online
Bizi dugun egoera tarteko, tramitazioa on-line egiteko aukera indartu du Foru Aldundiak, zergabidea.gipuzkoa.eus atariaren bidez. Tresna honekin, “autolikidazio proposamena jaitsi, aldatu eta onartu ahal izango da bertatik eta, jaso ez dutenen kasuan, Ogasunak dituen datu fiskalak jaitsi daitezke, hauekin aitorpena osatu eta aurkezteko”. Falta diren datuak eta beharrezko egiaztagiriak eransteko aukera ematen du baita. Ariketa guztiok egiteko B@k kodea beharko da; Ogasunak kode hau bulegora joan beharrik izan gabe eskuratzeko prozedura telematikoa abiarazi du aipatu zergabidea.gipuzkoa.eus atarian. Aitorpena bere kabuz modu honetan aurkeztu ezin duenarentzat jarduera hau beste pertsona bati delegatzeko prozedura errazteko da.

Euskaraz
Errenta Aitorpena aurkezteko kanpaina abian den honetan, Ogasunarekin dugun hartuemana euskaraz bideratzeko aukera ezinhobea dugu. Horretara gonbidatu gaitu hilabeteotan Usurbilgo Udalak eta Udala kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). "Euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena. Batetik, datuetan islatu dadin udalerri euskaldunetan herritarrak euskaraz bizi direla. Bestetik, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko".

Usurbilen iaz, 950 herritarrek aitortu zuten errenta euskaraz, 2.281ek erdaraz. UEMA eremu honetan euskararen erabilera sustatzeko elkarlanean ari da tokian tokiko erakundeekin. Gipuzkoan esaterako, udalekin eta Foru Aldundiarekin. 

Ogasunarekin euskaraz aritzeko bideak
-Errenta kanpainan: hartuemanetarako hizkuntza euskara izatea hautatu daiteke, baita aitorpena hizkuntza berean aurkeztea ere (Internet bidezko nahiz errenta mekanizatuan). Autolikidazio proposamena herritar bakoitzak eskatutako hizkuntzan bidaltzen dute. Erdaraz jasoz gero, euskaraz bidaltzea eska daiteke. Norbere datuak emanda, Aldundiari Diputazio osoarekin hartuemana euskaldundu daiteke.
-Urtean zehar: pertsona fisikoen 030 hereda edo pertsona juridikoen 036 eredua betetzean, euskara hautatu daiteke harreman hizkuntza gisa.

Datak
-Autolikidazio proposamenak onartzeko aukera uztailaren 29ra arte. Atari honetan egin daitezke kontsultak: gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena.
-Internet bidezko aitorpena aurkezteko aukera uztailaren 29ra arte.
-Errenta mekanizatua edo aurrez aurrekoa: uztailaren 29ra arte (txanda eskatzeko epea uztailaren 7an itxi zuten).

Informazio gehiago:
943 113 000 (8:00-20:00 artean autolikidazio proposamenak onartzeko, aldaketekin 8:00-15:00 artean)
labur.eus/ogasuna