Lurraldebusek zenbait zerbitzu eskainiko ditu gauez abuztuan

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 29a, 08:39

Lurraldebusek hainbat lineetako zerbitzuak indartuko ditu abuztuan. Gauez beranduagora arte ibiliko dira herriz herriko autobusak. Gurean, Urola Kostak ere zenbait zerbitzu eskainiko ditu egunero gauez datorren hilabetean.

Lurraldebusek berri eman duenez, Usurbildik igaro ohi diren UK09/UK49G lineetako zenbait zerbitzu eskainiko ditu gauez abuztu osoan. Zehazkiago esanda, Donostiatik Zumaiarantz 23:15ean eta 00:00ean aterako diren zerbitzuak; Usurbila 23:40an eta 00:25ean helduko dira. Zumaiatik Donostiarantz 23:00etan ere iragarri du beste zerbitzu bat; 23:35ean helduko da Usurbila.

Ordu tarte horren bueltan Lurraldebusek zerbitzuak indartuko ditu baita beste hainbat lineetan. "Donostiarekin edota kostako herriekin lotzen dituzten Buruntzaldea, Oarsoaldea-Bidasoaldea, Urola Erdia, Urola Kosta, Debabarrena eta Debagoienako lineek ordu  t´erdiz, gutxi gorabehera, luzatuko dute beren ordutegia", berri eman dute. 

Ohartarazi dutenez, "luzapen hauek gaueko tarifa izango dute". Maskara jantzita izan beharko da autobusetan eta "bidaiarien ardura da beste bidaiariekiko ahalik eta distantzia handiena mantentzea".

Usurbil ospitaleekin (T2) eta Usurbil Hernanirekin (T6) lotzen duten autobus zerbitzuek orain arteko ordutegiari eutsiko diote abuztuan. Euskotrenek ekainaz geroztik indarrean duen udako ordutegia izaten segiko du datorren hilabetean.

Informazio gehiagorako:
900 300 340 (8:00-20:00)
lurraldebus.eus
Lurraldebusen aplikazio mugikorra (une bakoitzean indarrean diren ordutegiak ezagutzeko)



 
 


EUSKOTREN