Udal tramite gehiago telematikoki bideratzeko aukera

Administrazio elektronikorako trantsizio fase betean da Usurbilgo Udala. Udalean egin beharreko tramitazioa modu honetan bideratzeko urrats berriak ematen jarraitzen du. 

"Tramite gehiago egin daitezke, dagoeneko, zerbitzu telematikoen bidez", iragarri du Usurbilgo Udalak ohar bidez. Eta haietako batzuk hasi eta buka modalitate berean, online, udaletxera joan beharrik gabe. Beste batzuk aldiz "hasi bai, baina presentzialki ixtea beharrezkoa da oraindik ere". Halere Udalaren helburu nagusia, tramite guztiok lehen urratsetik azkeneraino online egin ahal izatea da. "Erregistroan egin ohi diren hainbat tramite egiteko aukera dago, baita zergak edo isunak ordaintzekoa edo gizarte zerbitzuekin zerikusia dutenak egitekoa ere; dirulaguntzek ere atal propioa dute, eta, pixkanaka, zerbitzu telematikoen bidez ebaztea da asmoa".

Trantsizio hau gauzatzeko langile bat kontratatu zuen Udalak urte hasieran. Konfinamendu garaia gainera, kasu honetan, prozesu honi "bultzada on bat ematea ahalbidetu du, ezinbestean etxetik aritu beharragatik". 

Informazio gehiagorako...
Usurbilgo Udalak tramitazioak online egiteko atari propioa du, hementxe duzue esteka: udal zerbitzu telematikoen ataria 

Bertan aurki dezakezue telematikoki bidera daitezkeen tramiteei buruzko informazioa atalka: izapide arruntak, ongizatea (3. adina, emakumeak, balorazioak, laguntzak); zergak, tasak eta isunak; dirulaguntzak; dokumentuak egiaztatu eta kontsultatu...