Alerta maila gogortu dute

Alerta laranjan gaur "tenperatura oso altuengatik"

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 30a, 08:27

Alerta laranjan izango gara gaur (uztailak 30) "tenperatura oso altuengatik", 12:00-21:00 artean. Baita baso-sute arriskuagatik ere gauerdira arte. 16:00-20:00 artean, abisu horia ezarri dute; "hegoaldetik sartu eta iparralderantz hedatuko diren trumoi-ekaitzak izan daitezke. Hauekin batera, 80-100 km/h-ko abiadura gainditu dezaketen haize-bolada oso gogorrak heldu daitezke".

Bero handia izango dugu ostegun honetan. Horregatik, "muturreko tenperatura oso altuengatik" alerta laranjan izango gara ostegun eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 21:00ak arte. "Tenperatura maximoak kostaldean 37 ºC, kantauri barnealdean 39 ºC ingurukoak, Iragate-zonan 37 ºC ingurukoak eta Ebro ondoko eskualdean 38 ºC ingurukoak izan daitezke. Arratsalde-gauean haizeak kostaldean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, bizi", iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak.

Era berean, alerta laranja izango da indarrean baita, "baso-sute arriskuagatik", eguerdiko 12:00etatik gauerdira. "Baso-sute arriskua oso altua da EAEn tenperatura altuagatik, hego-osagaiko haizeagatik eta hezetasun erlatibo baxuagatik", argitu dute meteorologia agentziatik. 

Egun bateko "beroaldia"
Honenbestez, gaur Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da. Arratsalde-gauean bero-hodeiak garatuko dira eta zaparrada trumoitsu txiki edo ertainen bat bota dezake. Hego-ekialdeko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin, bolada gogor batzuekin. Egun amaieran haizea ipar-mendebaldera alda daiteke, bolada gogor batzuekin. Tenperatura maximoak asko igoko dira".

Bihar (hilak 31), gogotik freskatuko du. "Zerua hodei gutxirekin egongo da, behe-hodeien tarte hodeitsuekin, bereziki egunaren bigarren partean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira".



Aholku nagusiak
-Likido asko edan.
-Arin jan.
-Itxi leihoak, jaitsi eguzkiak jotako pertsianak.
-Bero gehien dauden orduetan ez atera kalera, ahal bada. Ateratzekotan egoki babestuta, arropa egokiarekin.
-Arreta izan haurrekin nahiz adineko edota mendekotasunen bat duten pertsonekin. 

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus