Usurbilgo Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroan izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 30a, 08:00

Etxebizitza eskatzaile gisa izen emateko uztailaren 30era arteko epea dute interesdunek. Izena emateko beharrezko dokumentazioa eraman behar da udal-erregistrora.

Otsaileko osoko bilkuran alokairu sozialeko etxebizitzak esleitzeko araudia onartu zuten hasieraz eta aho batez: ohiko baldintzetan, dagoeneko jendaurreko epea bukatuta eta sistema berria martxan legoke. Covid19 birusaren krisiak, ordea, epe administratiboak eten egin zituen. Azken asteotan hasi dira berriz ere martxan jartzen: ekainaren 22ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Usurbilgo Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroaren araua. Etxebizitza eskatzaile gisa izen emateko hilabete pasatxoko epea zabaldu zen orduan; uztailaren 30era arte hain zuzen. Izena emateko beharrezko dokumentazioa eraman behar da udal-erregistrora.

Erregistro horrekin, alokairu sozialeko etxebizitzak baremazio bidez esleituko dira, eta ez zozketaz, orain arte bezala. Baremazio horrek bermatuko du etxebizitzak behar gehien dutenei esleituko zaizkiela: kontuan hartuko ditu familiaren osaera, egoera ekonomikoa, osasuna, babes bereziren bateko kolektiboko kide izatea, herrian errotzea eta lehendik udal etxebizitzetan esleipenduna izan den edo ez. Aurrerago, erregistroan jasotako daturen bat aldatuko balitz, horren berri eman beharko diote eskatzaileek udalari.

Eskatzaileen datu eguneratuak
Alokairu sozialera bideratutako etxebizitza bat libre gelditzen den aldiro esleituko dira etxebizitzak, eskatzaile guztien datu eguneratuak oinarri hartuta: etxebizitza eskatzaileen zerrendan lehena dagoen eskatzaileari esleituko zaio. Errenta kontratuak urtebetekoak izango dira, eta urtez urte luzatu ahal izango dira, bost urtera arte: kontratuaren epemuga iristen denean, maizterrek udalaren esku utzi beharko dute etxebizitza. Hilero kobratuko zaien errenta familia unitatearen diru-sarreren araberakoa izango da.

Bi logela dituzte etxebizitzek Udalak, gaur-gaurkoz, hemeretzi etxebizitza ditu, jabetzan, alokairu sozialera bideratuta. Txaramunto 2 kalean, guztira, hamabi, eta, Gernika Ibilbidean, zazpi. Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroa abiatuta, lehenengo esleipena Txaramunto 2 kaleko zazpi etxebizitzarena izango da. Lehen esleipen horretan izena emateko uztailaren 30era arteko epea izango da. Etxebizitza guztiek bi logela dituzte, eta 40m2 eta 59m2 artekoak dira.