Berri gazi-gozoen bueltan egin zuten ostiral arratsaldean Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, euskal presoen eskubideen aldeko hileroko azken ostiraletako elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Urrunketa politika abiatu zutenetik 33 urte bete direla salatu zuten. "33 urte sufrimendua luzatuz eta errepidean hildako 16 senideen zerrenda luzatzeko aukerak ez dira apenas txikitu. Izan ere, tantaka egiten dituzten "hurbilketak" ez dute ekidin ehunka kilometroak egin behar izana presoak ikusteko". Zenbakitara eraman zuten; azken bi urteotan, 47 preso lekuz aldatu dituzte, zazpi baino ez dituzte Euskal Herrira ekarri.
33 urte igaro ostean, presoen senideak bisitak eteteko beldur dira berriz, covid19-ak baldintzaturiko ezohiko testuinguru honetan. "Prebentzio-neurri gisa bisitak murriztu zituzten eta urrunketa dela-eta presoek hilabeteetan ez dituzte bisitarik jaso. Orain hasi dira bisita batzuk izaten baina aurrez aurreko oso gutxi bideratu dira nahiz eta Espetxe Zuzendaritzak uztailean berrekingo zietela esan zuen", adierazi zuten ostiraleko elkarretaratzean. Baina beldur dira bisitak ez ote dituzten berriz etengo. Usurbila etorrita, errealitate honen isla dira duela bi urtetik aske behar zuten arren, Aranjuezeko espetxean segitzen dute preso, Maddi bigarren alaba jaioberriarekin. "Patxiren eta Olatzen senideen ere ez dute oraindik bis a bisarik lortu. Beldur gara berriro ere bisitak bertan behera ez ote diren geratuko eta haien familiak eta, batez ere, alaba Xuak gurasoak ikusi ahal izateko berriz ere hilabeteak igaro behar izana".
Ongi etorria
Tarte honetan egokitu zen, uztailaren 18an, Maddi, Olatzen eta Patxiren bigarren alabaren jaiotza. Testuinguru gogor honetan, une gozorik bizitzeko aukera izan zuten. "Gutxienez, ez zailtasunik gabe, Maddi jaio zenean ama ikusteko eta ahizpa ezagutzeko aukera izan zuten erietxean", azaldu zuten Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. Egoera gogor honetan, "Maddiren etorrerak behintzat argizpi eta poztasun ederra ekarri dizkiete".
Xuarekin bere garaian aldarrikatu bezala, etxean behar lukete Maddik, Olatzek eta Patxik. Hiruren etxeratzea exijitu eta Maddiri ongi etorria emateko ondoko talde argazkia atera zuten ostiral arratsaldean Mikel Laboa plazan. Datozen mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu zuten.
Euskal presoen eskubideen aldeko datorren mobilizazioak
Abuztuak 2, igandea
12:00 Hondartzetako mobilizazioak. Usurbildik Orioko hondartzara joateko deia. Biltzeko gunea; Orioko autopistako zubi azpian.
Abuztuak 28, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.