Andoni Iraola, Rayo Vallecano futbol taldeko entrenatzaile berria

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 7a, 11:36

Azken denboraldi honetan Mirandes taldearen prestatzaile lanetan aritu den usurbildarra, aurrerantzean Rayo Vallecano talde madrildarraren entrenatzailea izango da. Astelehenean aurkeztuko dute jendaurrean.

Rayo Vallecano futbol taldeak entrenatzaile berria izango du 2020-21 denboraldian; albistea NOAUA!ra badakarkigu Usurbilekin lotura zuzena duelako da. Talde madrildarraren entrenatzaile berria Andoni Iraola izango baita, Rayok sare sozialen bidez iragarri duen moduan. Astelehen eguerdiko 12:30etan Madrilgo "Ciudad Deportiva"ko prentsa aretoan aurkeztuko dute entrenatzaile berria.

Paco Jémez entrenatzailea ordezkatuko du usurbildarrak. Hedabide espainiarren arabera, Victor Sanchez del Amo, Lopez Muñiz eta Ramis hautagaien artean Usurbilgoaren alde egitea erabaki du Rayok. Urtebeteko kontratua hitzartu du taldearekin.

Mirandesetik Madrilera
Elite mailan prestatzaile gisa ibilbide profesionala duela urtebete abiatu zuen Iraolak, Mirandes taldearekin. Taldeak hamaikagarren postuan sailkatuta bukatu du denboraldia, aurreikusiak zituzten helburu guztiak beteta.

Futbol jokalari izateari utzi zion Iraolak 2016an, ia ibilbide osoa Athletic taldean jokatu ostean. Ibilbide luzea osatu du Iraolak futbolari gisa. Elite mailan 12 urtez aritu zen, Athleticen. 2003-2004 denboraldian hasi zenetik 500 partida baino gehiagotan parte hartu zuen. Gero, AEB-tako New York City FC taldean aritu zen epe labur batean. Iaz hasi zuen entrenatzaile gisa bere ibilbidea; Txipreko AEK Larnaca zuzendu zuen urte hasierara arte. Tarte horretan, taldea Europa Leaguen sailkatzea eta urrian, Txipreko Superkopa irabaztea lortu zuen.