Pako Alkorta, frontoian bere bizitza

Zendu berri den Pako Alkortak bizitza eskaini zion eskupilotari, hainbat belaunaldietako herritarrek oroituko duten moduan. Usurbil, besteak beste 1991ko 25. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabaztera eraman zuen. 1996ko ekainean hartu zuen erretiroa, NOAUA! sortu berritan. Aldizkari honen seigarren zenbakiko azala izan zen Pako Alkorta eta garai hartan pilotan zebiltzan gaztetxoak. Josu Aranberrik une hartan eginiko erreportajea dakarkigu lerrootan. Pako Alkortaren ibilbide emankorraren errepasoa baita haren lekukoa hartu zuen Enrike Huiziren hitzak.

Pako Alkorta, frontoian bere bizitza 
Pako Alkorta Usurbilgo frontoian haur nahiz gazteei eskuz pelotan nola jokatu erakusten. Zenbat aldiz ikusi dugu irudi hau? Auskalo. Baina azken hilabetean frontoira hurbildu denak, somatuko zuen hutsune bat. Bai, Pako ez zegoen han. Hemendik aurrera ez dugu haurrekin ikusiko, hogei urte baino gehiagoren ondoren, joan den ekainean utzi baitzion eskuz pelota erakusteari.

Haurrak entrenatzen 17 urte inguru eman ditu Pako Alkortak. Hasiera batean haundiagoekin egin zituen urte batzuk, baina ez zen hauen entrenatzailea, Fagoaga, Lasarte anaiak, Ibargoien... hara eta hona eramaten zituen. Nola hasi zen entrenatzaile moduan? Bera ez zen inoiz pilotaria izan. Pelotan jokatzen oso txarra zen, ikustea oso gogoko bazuen ere. "Garai hartan Andatzpe elkarteak eskuz pelota txapelketak antolatzen zituen, eta ni elkartean sarta nengoenez laguntzen hasi nintzen. Orduan Usurbilen ez zegoen haurrei txiki-txikitatik pelotan jokatzen erakusten zienik. Nik nire iloba Aitor De La Cruz, Aitor Huizi, Enrike Huizi, Iñigo Olaizola eta beste zenbaiti eskuz pelotan erakustea erabaki nuen".

Hasieran zortzi haur bakarrik agertzen zitzaizkion, baina denborarekin gero eta haur gehiagok ikasi zuen frontoirako bidea. Pakok aitortzen duenez, berak ez dio honi ukatu pilotan jokatzeko aukera, "nik etortzen den guztiari uzten nion pelotan jokatzen. Baliteke nire akatsik handiena hori izatea. Zortzi mutil hartu, eta haiekin bakarrik aurrera jo banu, baliteke momentu honetan Usurbilek pelotari hobeak izatea. Hala ere frontoia publikoa zen, eta etortzen zen guztiari pelotan jokatzen erakutsi beharrean ikusten nuen nire burua. Nola esango nion ba norbaiti ez etortzeko?".

Txapelketa eta txapel ugari
17 urte hauetan, berak entrenatutako pelotariek zapaldu ez dituzten frontoiak gutxi izango dira Gipuzkoa osoan. Ezinezkoa litzateke Usurbilgo pelotariek jokatu dituzten txapelketak zenbatzea. Eta ez hori bakarrik, lortu dituzten garaipenak ere ugari izan dira. Hala ere bada bizitza guztian ahaztuko ez duen txapelketa bat: 1991ko Gipuzkoako herriarteko txapelketa.

Ez zuten espero Pako eta bere mutilek urte hartan garaipena lortzea. "Aurreko urtean esperantza gehiago genuen. Koadrila polita geneukan urte hartan. Finalera iritsi ginen, baina kale egin genuen. Oso gaizki pasa nuen. Hala ere, hurrengo urtean, gutxien ustean, finalerdietan Azkoitia kanporatu, eta Seguraren aurka Herriarteko txapelketaren 25. edizioa irabazi genuen". Lau urte jarraian finalera iristeak Pako Alkorta eta bere ingurukoen lana agerian uzten zuen, baina bere ustez, urte haietan beste urteetan baino lan gehiago ez zen egin. "Baloratu behar dena 17 urteetan haurrekin eginiko lana da. Urte haietan nahiz besteetan berdin berdin ibili baikara haurrekin".

Dena ezin eraman
"Astearte eta ostegunetan pelota". Haur askoren ahotan entzundakoa da hori. Izan ere, haur ugari ibili izan da eta eskuz pelotan jokatzen ikasten. Pakoren esanetan, "bolada batean koadrila haundia ginen. Hauek ahalik eta txapelketa gehienetan apuntatzen nituen, eta gero eramaterakoan komeriak. Trintxerpeko txapelketara adibidez 4 bikote eramatea tokatu zait, bi bidaia egiten nituelarik. Ez nintzen gurasoei haurrak eramateko esatera ausartzen. Garai hartan bakar samar ibili nintzen. Ibili naizen bezala ibilita zortea izan dut, ez baitut inoiz istripurik izan". Pakok gogoan du oraindik Diane 6 zaharra, "zenbat bidaia egin ote zituen kotxe harek!".

Eta guztia afizioagatik, Mai-Onan lan egin, eta aisialdian jarduten zuen haurrei pelota erakusten. "Zenbat ordu galdu ote ditut lantegian haurrak entrenatzeagatik! Eta dirua ere bai! Baina tira, gustora ibiltzen nintzen eta...". Disgustorik haundienak azken aldi honetan izan ditu. Berak dioenez, "pelotariak ez du begiratzen beraien atzean nor dagoen, harek zer sufritzen duen. Bere buruari bakarrik begiratzen dio".

Azken hiru urteak hala nola pasa ditu. Denbora honetan askotan izan du dena uzteko gogoa, baina Jesus Zubimendi, Joxe Manuel Matxain eta Tomas Lasarteren laguntza beharrezkoa izan zen aurtengo ekainera arte jarraitzeko. Pako Alkortak 22 urte eman ondoren ezin izan du denbora gehiago jarraitu. "Pertsona bat, gazteagoa denean eta ilusioa duenean edozer gauza egiteko prest egoten da. Niri garai batean ez zitzaidan axola bi ordu edo zazpi galtzea, baina piskanaka-piskanaka bete egin naiz, aspertu".

Orain arte frontoira ez dela hurbildu agertu digu, berriz ere pelotan erakusten hasiko ote den beldurrez. Azken aldi honetan, ordea, noizbait inguratu da frontoira haurrek nola entrenatzen duten ikustera. Izan ere, badu erreleboa Pakok, berarekin hainbat urteetan ibili izan den Enrike Huizi.


____________________________________________________________________________________________
ENRIKE HUIZI (esku pilotako jokalari ohia eta Pako Alkorta ordezkatu zuena):
"Mila omenaldi egin arren, usurbildarrak beti egongo gara zuekin zorretan"


Zer esan Pakori buruz, lehendik esan ez dena. Batez ere hauxe daukat berari esateko; mila esker. Mila esker zure bizitza osoa eman duzulako Usurbilgo herrian pelotaren alde; pelotaren munduko ekintzak zirela eta gustura egingo zenituzkeen hainbat gauza egin gabe geratu zarelako; ni bezalako mutil askori pelotan jarduteko aukera emateagatik; zuk antolatutako eta bideratutako hainbat partida, bidaia, ekintza eta abar... eta hain momentu zoragarriak igarotzeagatik; horrenbeste jende ezagutzeko, eta lagun bikainak egiteko aukera emateagatik; asteak joan, asteak etorri, frontoian haur, pelota eta iskanbilekin horrenbeste kilo pazientzia hartzeagatik. Mila esker.

Nik beti esan dut gizon hau ikustean zerbait berezia sentitzen dudala; miresmena. Bera ikustean frontoiko ordu luzeak ikusten ditut, milaka kilometro gidatzen, Andatzpeko langelan ordu luzeak isilean lanean, denekin ongi ez geratu arren erabaki zailak hartzen, hamaika txapelketa antolatzen... 

Pako izan da Usurbilen pelotako ekintzen ardura haundiena eraman duena, baina ez litzateke bidezkoa izango berari asko lagundu dioten bi pertsonen izena ez aipatzea; Jexux Zubimendi eta Joxe Manuel Matxain. Eta, noski! Azken urteetan Pakorekin batera entrenatzaile ibili den Tomas Lasarte ere bai. Ah! Eta nola ez, horrenbeste urteetan pilota partidetan laguntzen dabiltzan Joxe Mari Izagirre eta Jexux Mari Zulaika. Denei ere eskerrik beroenak. Bukatzeko esan, mila omenaldi egin arren, usurbildarrak beti egongo garela zuekin zorretan.