Koronabirusa

Osasun larrialdi egoeran gara berriz

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 17a, 11:50

Covid19-aren hedapena geratzeko osasun larrialdia dekretatu du Eusko Jaurlaritzak EAE osoan, baita honenbestez Usurbilen ere. Gaurtik indarrean da. Astearte honetan, neurri murriztaile berriak agintzekoa da Gasteizko gobernua. 

Osasun larrialdian gara berriz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta honenbestez, baita Usurbilen ere. Gogoan izan, martxoaren 13an jarri zuen indarrean neurri bera Eusko Jaurlaritzak eta handik 24 ordura, Espainiako Gobernuak alarma egoera aktibatu zuen. Oraingoan, Covid19-aren hedapena geratzea xede duen osasun larrialdia berriz ere martxan jartzen duten hiru neurri argitaratu ditu astelehen honetan Eusko Jaurlaritzak. 

Astearte honetan neurri zehatzen berri ematekoa da Gasteizko gobernua. Momentuz, lehendakaritza dekretu eta osasun nahiz segurtasun sailburuen agindu bana argitaratu ditu Jaurlaritzak, astelehen honetako (abuztuak 17) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

1-Herri Babeserako Plana martxan jartzeko eskaera
Batetik, Osasun sailburuaren abuztuaren 14ko agindua, "zeinaren bidez Segurtasuneko sailburuari eskatzen baitzaio aktiba dezala formalki Euskadiko Herri Babeseko Plana (Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi), COVID-19aren hedapenak eragindako alerta sanitarioaren aurrean".

Agindu hau plazaratzeko beharra ikusten du Nekane Murga osasun sailburuak. "Azken alerta sanitarioek, bai lurraldean bai mundu osoan, agerian utzi dute aparteko eta premiazko neurriak hartu behar direla Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19 birusaren edo herri-mailan koronabirus deitutako birusaren hedapena geldiarazteko, larrialdi-egoerei berehala erantzun ahal izateko". Ondorioz, bere abuztuaren 14ko ebazpenak "deklaratzen du Euskadin osasun publikoko larrialdi-egoera deklaratu behar dela". Arrazoi hauengatik: "egoera epidemiologikoa; nazioarteko aurretiazko esperientzia; Osasun Mundu Erakundearen gomendioak; erasan epidemiologikoa, eta Euskadiko Sistema Sanitarioaren egoera".

Larrialdi egoeran egonik, ezinbestekotzat jotzen du "aparteko eta premiazko neurriak hartzea". 

2-Euskadiko Babes Zibileko Plana indarrean 
Osasun Sailburuarekin eskaerarekin bat egiten duen Segurtasuneko sailburuaren ebazpena ere argitara eman du astelehen honetako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, "formalki aktibatzen baita Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko plana, COVID-19 delakoaren hedapenaren ondoriozko osasun-alertak eragindako egoera dela eta". Helburu argi batekin: "Covid19 delakoaren hedapenaren ondorioz alerta epidemiologikoari aurre egiteko".

Estefania Beltran de Herediaren agindu honek argitzen duenez, "Euskadiko Babes Zibileko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi izeneko planean aurreikusitako zuzendaritza-egitura beharren araberakoa izango da, eta barruan hartuko ditu orain arte alerta epidemiologikoaren kudeaketan ari diren organo, batzorde, talde eta azpibatzorde guztiak, eta haiei guztiei Labiren egiturak babesa emango die".

Plan honen malgutasuna nabarmentzen du segurtasuneko sailburuak. "Plan horren funtzionaltasuna bere malgutasunean oinarritzen da, bere aktibatzea eta unean-unean hartu beharreko neurriak egokituko baititu egoerak eskatzen duenera. Labiren aktibatzeak ez dakar dagoeneko badagoen antolamendua zokoratzea, ez eta osasun-erantzukizunak zokoratzea ere, Labiren beste mekanismo batzuekin bateratzea baizik, mekanismo hori beharrezkoak baitira funtsezko zerbitzuak bermatzeko edo osasun arlotik haratago doazen zenbait jarduera koordinatzeko".

3-Lehendakaritzaren dekretua
Euskadiko Babes Zibileko Plana martxan jartzearekin batera, hura nork gidatuko duen ere berri eman du Lehendakaritzaren dekretu bidez, astelehen honetako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak. "Lehendakariak bere gain hartzen ditu Euskadiko Herri Babeseko Planean –Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi– jasota dauden larrialdi-jardueren koordinazioa eta zuzendaritza bakarra, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortu duen egoeraren aurrean". 

Berez, larrialdi plan hau zuzentzea segurtasun sailburuari dagokio, baina "gaur egungo egoerak eta larrialdiaren hedapen bereziak gizarte osoari eta gizarteko eta ekonomiako hainbat sektoreri eragin diezaiekete. Ondorioz, beharrezkoa da Lehendakariak larrialdi-jardueren zuzendaritza eta koordinazioa bere gain hartzea, eta Euskadiko Herri Babeseko Planaren antolaketa-egitura Lehendakariaren mende jartzea zuzenean".