Koronabirusa

7 diagnostikatu abuztuan, guztira 24 martxoaz geroztik

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 18a, 12:35

7 dira abuztua hasi zenetik Usurbilen koronabirusa diagnostikatu zaien herritarren kopurua, Osasun Sailak egunero kaleratzen dituen datuen arabera. Zenbaketa martxoan hasi zutenetik 24 izan dira covid19-a detektatu zain herritarren kopurua. Hilabete guztiotan ez da hildakorik izan, Osasun Sailaren arabera.

Martxoaz geroztik 24 herritarrei diagnostikatu zaie covid19-a Usurbilen. Erdia baino gehiago konfinamendu asteetan, "deseskalatze" asteetan kasu gutxi batzuk. Proba gehiago egin eta "normaltasun berria" deitu dioten uda garai honetan detektatu dituzte azkenak. Azken zazpiak abuztuan. Hilabete guztiotan ez da hildakorik izan, Osasun Sailaren arabera. 

Lasarte eta Usurbil biltzen dituen osasun eremuan abuztuaren 11n 4 kasu antzeman zituzten. Azken astean ez da kutsadura berririk antzeman. Atzora arte; Usurbilen kasu berri bat antzeman zuen Osasun Sailak.

Hartuemanak jomuga
EAE mailako datuei erreparatuta, azken 24 orduotan 5.636 PCR proba egin dira, haietatik 321 kasu berri diagnostikatu dituzte. 53 Gipuzkoan. 17 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, beste 17 daude ZIU-n. Puntu bakarraren azpitik egon behar lukeen birsorkuntza tasa 1,16koa da. Beherantz doala dirudi.

Nekane Murga osasun sailburuaren esanetan, bigarren "uhin epidemiologikoan" gara. Covid19-aren hedapenak hazten segiko duela ohartarazi du, hartuemanetarako ohiturak aldatzen ez baditugu. "Denon eta gutako bakoitzaren" arduran jarri du azpimarra beste behin. Kezkagarritzat jo du, ospitaleratuen kopurua nahiz gaurkoz osasun sistemarentzat guztiz asimiligarria izan. Baita 60 urtetik gorakoen artean izan den kasuen gorakada eta koronabirusa adinekoen egoitzei berriz eragiten hasi zaiela ere ohartarazi du. Horregatik koronabisuaren hedapena murrizteko neurri zorrotzagoak hartzeko unea dela adierazi du.