Koronabirusa

Ikasturtea modu presentzialean hastea nahi du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 18a, 13:57

Astearte honetako iragarpena horixe; Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako hiru agertokietan lehenari eusten diola adierazi du Cristina Uriarte Hezkuntza Sailak. 2020-21 ikasturtea presentzialki hasi ahal izatea ikastetxeetan. Nahiz "hasiera zaila" izango dela aitortu duen.

"Lehen agertokiari eustea da asmoa, denek, etapa guztietako ikasleek ikasturtea aurrez aurre hastea modu presentzialean", adierazi du Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak, Eusko Jaurlaritzak covid19-ari aurre egiteko neurri murriztaile berriak iragartzeko astearte honetan egindako agerraldian. Hiru agertoki posible diseinatuak dituzte; lehena, ikasleek klaseak modu presentzialean jasotzea, konfinamendu aurretik egiten zuten moduan alegia. Bigarren eskenatoki posiblea, tarteko eredua litzateke; modu presentziala eta online bidezkoa uztartuko lituzkeena. Eta azkena, udaberriko konfinamenduan indarrean izan zena, online bidezkoa. Etxetik ikastea alegia.

Aipatu moduan, gaurkoz (abuztuak 18) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak lehen agertokiari eusten diola berri eman du Uriartek; alegia, 2020-21 ikasturtea etapa guztietan modu presentzialean hasteko asmoari eusten diola. Eta horretarako neurri osagarriak ere iragarri ditu. Ikastetxe guztietako "ratioak" (ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua) aztertu dituztela berri eman du. 50 guneetan ikasle kopurua altuagoa dela adierazi du. Irakasle faltarik balego, "kasuz kasu aztertuko dugu", zioen. Eta behar izanez gero, "irakasleen presentzia indartuko dugu", adierazi du. 

Klase presentzialak izateko lanean
Ikasturte hasiera zaila izango dela aitortu eta infekzio kasuak antzemango dituztela, horren jakitun izan arren, "garrantzitsua da ikasgeletako aurrez aurreko jardueren aldeko apustua egitea. Hau posible izan dadin ari gara lanean". Uriarteren esanetan, covid19 kasurik antzemango balitz, horren aurrean "nola jokatu definitzen ari gara". 

Ekainean ikastetxeei helarazitako jarduera protokoloa ekarri du gogora. Horretan oinarrituta, ikastetxe bakoitzak bere zentroaren ezaugarrietara egokitutako kontigentzia plana izango du.