Koronabirusa

Indarrean, Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaile berriak

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 20a, 08:22

Astelehenean osasun larrialdi egoera dekretatu zuen Eusko Jaurlaritzak, asteartean neurri murriztaile berriak iragarri zituen; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dituzte. Indarrean dira jada. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak "deseskalatze" prozesutik "normaltasun berrira" igarotzerakoan ekainaren 18ko aginduaren eranskina laugarren aldiz aldatu dutela berri eman du Jaurlaritzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez. Oraingoan, astelehenean dekretaturiko osasun larrialdi egoeraren bueltan egokitu du agindu hura, "COVID-19ko kasuen gorakadaren ondoriozko arrisku-egoera bereziari erantzuteko".

Osasun Sailaren aginduak dio, "leku desberdinetan gertatzen diren egoera bereziengatik, esaterako, nagusiki udalerri, eskualde edo lurralde batean hedatzen diren agerraldi epidemiologikoengatik, Osasuneko sailburuak neurri bereziak hartu ahal izango ditu lurralde-eremu horretan aplikatzeko, 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskinean jasotako neurriak osatze edo zabaltze aldera. Agindu honetan dago idazketa berria. Neurri horien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko".

NEURRI NAGUSIAK
-Indarraldia: joera positiboki nahiz negatiboki aldatu arte izango dira indarrean. Asteroko bileretan aztertuko dute unean uneko egoera eta horren arabera, neurriak malgutu edo zorroztea erabaki dezakete.
-Gehienez 10eko taldeetan biltzeko aholkua bai kalean, ostalaritza guneetan, jarduera fisikoak egiterakoan, bisita gidatuetan...
-Gune soziosanitarioak: bisita eta irteeretarako mugak (iragan astean automonia erkidegoen arteko bileran adosturiko neurriak).
-Ostalaritza guneak (tabernak, jatetxeak, txokoak):
1-1,5 metroko distantzia mahaien artean eta baita mahaikideen artean ere. Eseritako pertsonen arteko distantzia 1,5 metrokoa izatea bermatu beharko da.
2-Kontsumoa beti eserita, bai barruan eta kanpoan.
3-Jangeletan gehienez 60 lagun. 
4-Itxiera ordua: 1:00 (00:00etatik aurrera ezingo zaie zerbitzatu bezero berriei).
5-Gaueko aisialdiko ostalaritza guneak itxita izango dira (dantzalekuak, pub-ak, diskotekak...).
6-Hotelak: gune komunetan %60ko edukiera. Animazio ekintzetan gehienez 10eko taldeak.

-Garraio zerbitzuak: 1:00etan ostalaritza guneen itxiera. 1:30etan azken garraio zerbitzuak (trena, autobusak, metroa...). Bi ordutik beherako bidaietan ezingo da jan. Edan bai, baina edateko unean soilik kendu ahalko da musukoa.
-Igerilekuak: %60ko edukieran. Gehienez 3 orduko egonaldia.
-Tabakoaren kontsumoa: pertsonen arteko 2 metroko distantzia bermatu ezin denean debekatua.


Agindu honi buruzko xehetasun guztiak ondoko esteka honetan dituzue: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria