Baba beltz txikiaren eguna ospatuko dute abuztuaren 27an

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 21a, 08:21

Baba beltz txikiaren kofradiako kideak batuko dira urtero legez, abuztuko azken ostegunean, hilaren 27an Saizar Sagardotegian. Bazkaritara joan nahi duenak aurrez eman beharko du izena, aipatu sagardotegira deituta. Tradizio luzeari hutsik egin gabe, kofradekide berri bat izendatuko dute, 2021ekoa iragartzeaz gain, baba beltz txikia osagai nagusia izango duen bazkarian.

Baba beltz txikiak zaletu taldea du Usurbilen. Hamarkada luzez bildu izan den kofradia. Abuztuko azken ostegunean elkartzen da; azken urteotan Saizar Sagardotegian. Aurten ere hutsik egin gabe biltzekotan dira hilaren 27an. 14:00etan hasiko duten otordurako izena aurrez eman beharko da bertara deituta, 943 373 995 telefono zenbakira.

Baba beltz txikia osagai nagusia izango duen bazkaria dastatu ahalko da hitzorduan zehar. Bazkalostean, kantu giroan, urteroko errituari segida emanda, kapak eta txapelak jantzi eta kofradekide berri bat izendatuko dute, 2021eko ediziokoa iragartzearekin batera.

Iazko jaialdia omenaldian bilakatu zuten. Baba txiki beltzaren kofradiaren sustatzailea, 2018. urte amaieran zendutako eta iazko martxoan herri omenaldi hunkigarria jaso zuen Felix Sarasola omendu zuten. Urtero moduan, Saizar atarian atera zuten albiste honi atxikitako talde argazkian falta zen arren, oso presente izan zuen kofradiak aipatu sagardotegian egindako ospakizunean.

Felixi jarritako bertsoak eta kofradiaren ereserkia abestu zuten. Albiste honen amaieran dituzuenak.

Tradizio luzea
Lau hamarkadako ibilbidea egina du jaiak. Baba txikiari gorazarre egiteko urteroko bilkurak ezinbestekoak diren bi osagai ditu; batetik otordua bera, menua. Bestetik, bazkalostean duela hogei bat urtetik egin ohi duten erritu modukoa. Bazkariari dagokionez, produktu izarra baba beltz txikia dugu. Eta bazkalostean dator, nolabait esatearren, eguneko une gorena. Kantu giroan urtero kofradiako kide berri bat izendatzen dute, urtebete barrurako kide berria nor izango den iragartzearekin batera. Hautatutakoari kapa eta txapela jarriz, zin egiteko moduko ospakizuna burutzen dute, lurra lantzeko tresna baten, laiaren laguntzaz.

Felixi jarriyak
Jaun agurgarriyak
erne belarriyak
kopla zahar denak utzita kanta
ditzagun berriyak.

Hemengo kosetxa
baba txiki beltxa
gure Felito goraipatzeko
nahi dut aprobetxa.

Hara, hemen berriz
beti bezain "feliz"
baba beltxaren usadioan
hemen dugu Felix.

Beraz kopla sorta
kantatzea zor da
egiak ala gezurrak diren
ez dio inporta.

Gizon dotoria 
zer kategoria!
baba beltxak gaur munduan duen
enbajadoria.

Galdetzera nua
galdera sanua;
zer giza-larru, "bi...bizi" al da
gure kubanua?

Biziarren Kuban
Habanako mugan
oroimen eta arrasto on bat
beti dauka gugan.

Izan ta ez izan
askotxoren gisan
ez hintzen noski Kubara joango
hutsaren peskisan.

Oso kontu gutxik
honek duen funtsik:
han eta hemen, leku denetan
txakurrak hankutsik.

Hango zaporeak
hango koloreak...
esaiguk, Felix, zer usain duten
Kubako loreak.

Egia bada hau:
intxaurrak hamalau,
aizak hi, Felix, han Kuban ere
ez ote dira lau?

Kubako jardiñak
larros krabeliñak...
auskalo zertan diren igualak
eta desberdinak.

Utzirik herria
hire baserria
han jakin al duk hau ez dugula
hain kontu berria?

Ez haiz komunista
baina bai artista
heuk jakingo duk zer galdu duan
eta zer konkista.

Nahi bada ikusi,
nahi bada ikasi
bai Usurbilen eta bai Kuban
"andrea nagusi".

Grazia heurekin
baina ez harekin...
zer gertatu zen Fidel Castroren
neskamearekin?

Horrenbeste kanpai 
nola leike, konpai,
beintiotxoko den-denak bale
hemen ez ta han bai?

Lahar eta sasia
non demokrazia?
askatasuna beti garesti
hau duk desgrazia!

Luze ala motxa
dantzan beti brotxa
baina han ere ez duk izango
den-dena pagotxa.

Bertan duk Miami
hezur eta mami
baina yankeei txalo jotzera
ez hintzen joan hi.

Baina orain di-da
txarrena hori da
triste samarra egiten zaiguk
hire despedida.

Zertarako juan?
Zer zagok ba Kuban?
Gainera berdin-berdin huake
hi hemen ta gu han.

Baduk nahiko tatxa
mahaitikan altxa
lagun zahar denak hemen utzita
Kubaraino martxa.

Baina utzi hitzak,
hor zeudek ekintzak
oraintxe arte egin duana:
nahi duana eintzak.

Aio, aio Felix,
izan hadi "feliz"
ondo bizi ta urte betera
hemen gaituk berriz.

Ta ados bagaude
etzak ahaztu haure:
"noauaaaa" esanez joan hintzen eta 
"eaaamngo" haue!

FELIX SARASOLA
1946-2018
Ibili haiz itsasoz
ibili haiz mendaz
hire bihotz handiak
egin al du gaindiz?
Nahiz ez haugun gehiago
ikusiko begiz
denon oroimenean
biziko haiz Felix.

BABA BELTX TXIKIA
Gora baba beltx txikia,
andazpetarron gloria, bai!
Txiki izanarren, nor da gaur hemen
zu bezain handia?

Gora ditzagun zure dohainak:
koloria, armonia eta "tirrit eta tarrat"
zuk sortzen duzun sinfonia.
A zer nolako jakia
babatxo beltx txikia! 

Platerkada bat, platerkada bi
bata bestearen atzetik,
atera hitzak, atera, Felix,
atera babak eltzetik!