Irailaren 7an irekiko dute Etxealdiako pasabidea

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 21a, 09:21

Zabalik behar zuen arren, zubiaren egoera kaxkarragatik lanen amaiera hiru astez atzeratuko da. Irailaren 7an zabalduko dute Etxealdiako pasabidea. Bitartean gogoan izan; Bizkarretik edo Zumartegi industriagunetik igaro beharko da Kaxkora nahiz tren geltokira, Atallura edo Santuenea aldera jotzeko.

Egutegia eskutan, zabalik behar zuen Etxealdiako zubiak itxita segiko du beste hiru astez. Pasabide honen egitura eta zoladura konpontzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Zuen egoera kaxkarra tarteko lanen amaiera atzeratuko da. Irailaren 7an zabaltzeko asmotan dira zubia, Usurbilgo Udalak Etxealdiara jaisteko aldapan jarritako oharrak argitzen duen moduan. 

Bizkarre edo Zumartegi, pasabide alternatiboak
Uztailaren 6an hasi zituzten berritze lanak, ""zubira igotzeko eskilarak eta aldapa egokitzen" aritu ziren. Eskilarak edo aldapa bietako bat erabilgarri izan zen asteotan. Hilaren 20az geroztik ordea N-634 errepidea gainetik zeharkatzen duen pasabidea guztiz itxita dago. Hasiera batean hilabeterako itxita egon behar zuen, baina aipatu moduan azkenean zazpi astez egongo da erabilezin, irailaren 7ra arte.

Tarte horretan, Bizkarretik edo Zumartegi industriagunetik igaro beharko gara Kaxkora igo nahiz tren geltokira, Atallura edota Santuenea aldera jotzeko. 

Usurbilgo Udalak aspaldiko eskaera gauzatzen ari direla jakinarazi zuen lanok hasi berritan. "Hainbatetan eskatu izan dio Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari Etxealdiako zubia konpontzeko". Egitura eta zoladura konpontzen ari dira.