Oinezkoak lehenesteko egokitze lanetan dira Mikel Laboa plaza eta Artzabal lotzen dituen eremua. Lan hauei lotutako ohartarazpena egin du Usurbilgo Udalak. Astelehen honetatik, abuztuaren 24tik aurrera ibilgailuen joan etorrirako itxita egongo dira Zubiaurrenea eta Bordaberri kaleak. Eta hala segiko dute, itxita, 8-10 egunez. "Bi kaleotako aparkalekuak bertakoentzat baino ez dira erabilgarri izango", Udalak zehaztu duenez.
Kaleon itxierak herri barruko mugikortasuna aldaraziko du. Udaletik berri eman dutenez, "Zubiaurrenea kalera sartu-irteerak biribilgunetik barrena egingo dira, eta Bordaberri kaleko noranzkoa aldatu egingo da, eta Erreka Txikitik gora hartu beharko dute bertakoek. Halaber, Optika aurreko kaleko noranzkoa ere aldatu egingo da, behin-behinean".
Irisgarritasuna hobetzeko
Frontoi atzealdea eta Artzabalgo parkea lotzen dituen bidea bertatik igaroko direnentzat irisgarriagoa izateko lanak abiatu zituen Sasoi Eraikuntzak enpresak uztaila erdialdera. Lau hilabete iraungo dutela aurreikusia du Udalak. “Obra osoaren kostua 161.744,95 eurokoa da, eta ia erdia (%46,96, hau da, 75.950,86 euro) aurreztuko du udalak, irisgarritasuna hobetzeagatik Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntza bat lortu baitu”, Udalak berri eman duenez.
Lanen eremua bitan zatitu du Sasoi enpresak. Batetik, Artzabalgo parke sarreratik Kontzeju Zarra eta Zubiaurrenea kaleek bat egiten duten guneko zebra bidea legoke. Tarte honetan, oinezkoei lehentasuna emateko lanak bideratuko dituzte. “Horretarako, Borda Berri kaletik behera doan kaleko espaloia, Zubiaurrenekoa eta Artzabalgo parke sarrerakoa batu egingo dituzte, modu horretara, parkeari presentzia handiagoa emateko. Zubiaurrenea kalea, orain arte, bi norabidekoa izan da, eta, aldaketekin, norabide bakarrekoa bihurtuko da (Borda Berri kaletik Zubiaurrenera eta handik gora joateko), eta, horrez gain, espaloia handitu eta eserlekuak eta zuhaitzak jarriko dituzte”.
Beste eremuan, Zubiaurreneatik Kontzeju Zarra kalean gora Mikel Laboa plazaraino egingo dituzten lanen xedea “oinezkoen konexioa txukuntzea da. Hala, berrituta, Mikel Laboa plaza Askatasuna plaza aldera hedatuko da: ibilgailuek jada, ez dute Mikel Laboa plazaren sarreran aparkatzeko aukerarik izango, dena maila berean berdinduta geldituko baita, galtzada-harri mota berarekin, eta hor ere zuhaitzak eta eserlekuak jarriko dituzte. Askatasuna plaza aldeko espaloian, lehorrean leundutako hormigoia botako dute, eta parekoan, berriz, baldosa hidraulikoa jarriko dute”.