Mendi martxak bi zutabe izango ditu; bat goizeko 9:30etan Oreretako Foru plazatik (Xenpelarretik) abiatuko da, bestea 10:00etan, Hernaniko Gudarien plazatik. Bi zutabeok Astigarragan bat egingo dute. Hitzordua borobiltzeko amaiera ekitaldia iragarri du Sarek Astigarragako Foru enparantzan 12:30etan.
Hitzorduarekin bat egin du Buruntzaldeko Ernaik, tartean, Usurbilgo bilguneak. Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, "musukoak eramateko deia egiten dugu. Horrez gain, ekimen guztian zehar segurtasun neurriak bermatuak egongo dira", ohartarazi du antolakuntzak.
Mendi martxa, Sare Herritarrak abian duen "Izan bidea" dinamikaren testuinguruan deitu dute Orereta eta Hernaniko Sare taldeek. Euskal preso eta iheslariek bizi duten egoerari aterabidea bilatzearen aldeko ekimena da honakoa.
3.127.326 kilometroko bidea osatzeko erronka
Gogoan izan, erronka berri bat finkatu zuen Sarek uztailean; Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometroko bidea egitea; guztira, 3.127.326 kilometroko bidea hain zuzen. "Etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea". Helburu argia du, "Izan bidea, ibiltarien sarea" izenburupean Sarek abian jarri duen dinamika berriak; "euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitea da asmoa, herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz". Oinez, bizikleta gainean, korrika, dantzan...