Koronabirusa

Ikasturte hasiera mailakatua iragarri du Hezkuntza Sailak

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 28a, 13:05

Presentzialki bai baina era mailakatuan abiatuko da covid19-ak baldintzaturiko eta guztiz ezohikoa izango den 2020-21 ikasturtea. Hala iragarri du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ostiral eguerdi honetan. Higienea eta segurtasuna bermatzeko hainbat irizpide ere finkatu ditu, baita covid19-ari lotutako xehetasun guztiak kudeatzeko antolaketa neurriak ere. Eta hainbat baliabide ere bai, behar handiena luketen ikastetxeetarako.

Covid19-ak guztiz baldintzatuko duen eta ezohikoa izango den 2020-21 ikasturterako neurri nagusiak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ostiral eguerdi honetan. "Hezkuntza eta Osasun Sailek aztertu eta definitu dituzten neurriak Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak (LABI) gaur goizean Lehendakaritzan egindako bileran azaldu dira, eta hezkuntza-eragileei eta ikastetxeei bidali zaizkie". 

Hezkuntza Sailetik ohartarazi dutenez, "Ikastetxeetan koronabirusaren aurrean jarduteko Protokolo Orokorra (2020-21 ikasturtea)" dokumentuko hainbat jarduera eta neurri eguneratu behar izan dituzte. 

Asteotan iragarri duten moduan, presentzialki bai baina era mailakatuan abiarazi nahi dute ezohikoa izango den ikasturte berria. Ez aurreikusia zuten bezala, etapa guztietako ikasleek egun berean, irailaren 7an. Irailaren 7tik aurrera egun desberdinetan baizik. 

Hasiera egunak soilik ez, prebentziorako irizpide, baliabide eta funtzionamendu moldeak ere finkatu ditu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak. Hemen dituzue xehetasunak:

2020-21 iKASTURTEAREN ABIATZEA
Hasiera egunak
Irailak 7, astelehena
HH eta LH, DBH 1-2 mailak.

Irailaren 14tik (astelehena) aurrera
Lanbide Heziketa:
-Goi-mailakoa: irailak 14, 16.
-Erdi-mailakoa: irailak 21, 23.
-Oinarrizko Lanbide Heziketa: 
1-Lanbide Heziketako ikastetxeetan ematen bada: irailak 28, 30.
2-Udalen zentroetan ematen bada:  irailak 14, 16.

Irailak 15, asteartea
DBH 3, 4 eta Batxilergoa.



Musukoaren erabilera: derrigorrezkoa LH 1. mailatik aurrera, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia bermatua egon. Haur Hezkuntzan ez da derrigorrezkoa izango. Irakasleek maskara erabili beharko dute beti.

Hartuemanak:
-Ikastetxe bakoitzak covid19-ari lotutako gaiak landu eta zentroko zuzendaritzarekin batera Osasun Publikoarekiko koordinatzeko arduradun bat izango du. Ikastetxe bakoitzak erreferentziazko Erakunde Sanitario Integratua (ESI) izango du.
-Ikasle edo irakasle batek covid19-ari lotutako sintomarik balu, ez du ikastetxera joan beharko. Kasua baieztatuko balitz, ikastetxea erreferentziazko ESI-arekin hartuemanetan jarri eta uneoro Osasun Publikoaren jarraibideak beteko dira.
-Lurralde bakoitzak astero bilduko den eta Oasun Publikoak eta Hezkuntza sailak osatuko duten Jarraipen Batzorde bat izango du. Egoeraren bilakaeraren jarraipena egin, neurriak hartu edo aurreikusitako ekintzak modulatuko ditu. Horrekin batera, Hezkuntza-COVID Aholku Batzordea eratuko da.

Eskola-garraioa: "Lan-arriskuen prebentziorako neurriak EAEko ikastetxeetan, COVID19-aren eraginpean egoteko arriskuari aurre egiteko" dokumentuan jasotakoa eta indarrean den araudia aplikatuko dute. Ikasleek autobusean eserleku jakinak izatea aholkatzen dute, autobus bakoitzean garraiatzen diren haurren zerrenda izatea eta hauek autobusean zein lekutan esertzen diren ezagutzea. 6 urtetik gorako ikasleek eta langileek maskara jantzita izan beharko dute. 6 urtetik beherakoentzat gomendagarria izango da. 

Jantoki zerbitzua: ikasle kalteberak dituzten ikastetxeetako jantoki-zerbitzua lehenetsiko da, "ikastetxeak jantoki-zerbitzuaren eskaintzari buruz hartutako erabakiaren arabera, eta betiere lan-arriskuen prebentziorako neurrietan ezarritako neurriak errespetatuz".

Langileen kontratazioa: 1.000 irakasleren kontratazio gehigarri eta apartekoa bideratzeko aurreikuspena, ikasle gehien dituzten ikasgeladun ikastetxeetako zerbitzua indartzeko.

Espazioen kudeaketa: ikastetxeetako zuzendaritzek bideraturiko zentroetako espazioekin batera, Hezkuntza Sailak udalen lankidetza eskatu dio Euskadiko Udalen Elkarteari (EUDEL) "udal-instalazioak lagatzeko, ikastetxe batek bere hezkuntza-jarduera garatzeko espazio gehiago behar duen kasuetarako".

Teknologia: Hezkuntza Sailak funtsezkotzat jotzen du ikastetxeen eskura dauden ekipo informatikoak handitzea. Eusko Jaurlaritzak 24.631 ekipo eramangarri (ordenagailu eramangarriak) erosi ditu ikasle eta irakasleentzat. Tresneria berria eta lehendik zeudenak, ikastetxe eta familien eskuragarri egongo dira, "ikastetxeko zuzendaritzaren irizpidearen arabera". 

Higienea eta segurtasuna bermatzeko baliabideak:
-Ikastetxeen garbiketa zerbitzuen indartzea: Hezkuntza Sailak enpresa esleipendunekin hala adostuta, zentro guztiek garbiketako langileak izango ditutze goizeko ordutegian, "komunen eta gainazalen garbiketa indartzeko (heldulekuak, botoiak, barandak, etengailuak...).
-Maskara kirurgikoak: Hezkuntza Sailak 500.000 musuko bidaliko ditu ikastetxeetara. Ikasturtea hasi aurretik 800.000 lehen gela egonkorretarako eta langile espezializatuentzat (fisioterapeutak...). "Beren jarduerarako egokiak diren norbera babesteko ekipamenduak banatuko dira, batez ere, FFP2 motako maskarak, paintailak eta nitrilozko eskularruak". 
-Termometroak: ekainean kontakturik gabeko termometro digital bat banatu zen ikastetxe bakoitzean. Ikasturte hasieran, ikastetxeen behar bereziak asetzeko (eraikin bat baino gehiago duten ikastetxeak, edo ikasle asko izateagatik termometro bat baino gehiago beharrezko duten ikastetxeak...) termometro gehiago banatuko dira.
-Gel hidroalkoholikoa: hilean 5.000 litro gel hidro-alkoholiko banatuko dira. Iraileko lehen astean, 500 ml-ko 10.000 poto banatuko dira ikastetxeetan.