Koronabirusa

Udarregi Ikastolaren antolaketaren berri emateko bilerak irailaren 1ean

Covid19-ak baldintzatuko duen ezohiko 2020-21 ikasturterako prestatu duten antolaketaren berri emateko etapakako bilerak deitu ditu Udarregi Ikastolak irailaren 1erako. Bertaratu asmo dutenei udarregi.eus atarian aurkituko duten galdetegia osatzea eskatzen zaie.

Oporraldi aurreko azken NOAUA! aldizkarian aditzera eman zuten moduan, 3 agertoki posible aurreikusten zituzten abiatzear den 2020-21 ikasturterako Udarregi Ikastolatik; klaseak guztiz presentzialak izatea, prebentzio neurriak hartuta; eredu "mixtoa" klase presentzialak eta online bidezkoak uztartuta; edota konfinamenduak behartuta jarduna guztiz online izatea.

Lehen agertokiari helduko diote ikastetxeek baita Udarregi Ikastolak ere; klase presentzialei alegia, bai ikastolak eta baita ostiral honetan Hezkuntza Sailak adierazi duen moduan. Beharrezko prebentzio neurriak hartuta noski. Ikastolako Zuzendaritza Taldeak eta Artezkaritza Kontseiluak udarregi.eus atariaren bidez datozen hilabeteotako jarduna presentzialki bideratzeko osatu duten antolaketa lanaren xehetasun nagusiak plazaratu dituzte.

"Pertsonen osasuna eta segurtasuna babestuko dituzten erabakiak hartu nahi izan ditugu"
Talde egonkorren aldeko apustua egin dute ikastolan. Prebentzio eta higiene irizpideak finkatu dituzte. Sarrera-irteera mailakatuak iragarri dituzte. HH eta LH-ko ikasleek goiz eta arratsaldez izango dituzte klaseak. DBH-koak ordutegi jarraian ariko dira. Jangela zerbitzua ere eskaini asmo dute lehen egunetik aurrera, zerbitzua behar-beharrezkoa duten familientzat. Zerbitzua baliatu asmo dutenek, udarregi.eus atarian aurkituko duten galdetegia bete beharko dute irailaren 3a baino lehen. Goizeko zaintza zerbitzuari ere eutsiko dio Ikastolak, 8:00-9:00 artean (arratsaldekoari baita irailaren 7tik 25era), "bizikidetza-tade egonkorrak sortuz" behar-beharrezkoa duten familientzat. 

"Zalantzaz betetako eta ziurrenik aldakorra izango den egoera honen aurrean, pertsonen osasuna eta segurtasuna babestuko dituzten erabakiak hartu nahi izan ditugu. Horrela, ikastolako martxa egokia ahalbidetuko duen egitura eta antolaketa diseinatzen saiatu gara. Egoeraren zailtasuna ulertuko duzuelakoan, aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu", adierazi dute Ikastolatik udarregi.eus atariaren bidez.

Bileretara joateko galdetegia bete
Antolaketa lan honen xehetasunak biltzen dituen txostena jasotzekoak dira familiak. "Hau da, sarrera-irteeretako ateak, bizikidetza- talde zehatzak, zerbitzuen antolaketa berriaren ezaugarriak…", Udarregitik zehaztu dutenez. Horrekin batera, datorren astearterako, irailaren 1erako bilerak deitu dituzte ikastolako jangelan. Bertaratu asmo dutenek aurrez udarregi.eus atarian aurkituko duzuen galdetegia bete beharko dute, "esanez zein ordutakoan parte hartuko duen;  egoeraren ezaugarriak direla eta, familia bakoitzeko kide bakar bat bertaratzea eskertuko genizueke. Bilera euskaraz egingo da eta xuxurlariak egongo dira itzulpena egiteko. Denbora mugatua izango denez, norbaitek galderaren bat izango balu, izen-ematearekin batera bidal dezala, bertan erantzuna jaso dezan. 


BILERAK
Eguna: irailak 1, asteartea.
Tokia: ikastolako jangela.
Ordutegia:
16:00 DBH.
17:00 LH.
18:00 HH.

Informazio edo argibide gehiagorako: 
udarregi.eus
943 36 12 16
usurbil@ikastola.eus
(Abuztuko ordutegia: 9:00-13:00. Irailetik aurrera, ohikoa)