Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, larunbatean (abuztuak 29) "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² pilatu daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, zenbait lekutan handiak izan daitezke, egunaren lehen partean kostaldean eta egunaren bigarren partean barnealdera zabalduko dira. Larunbatean, eta igandean egunaren lehen partean, prezipitazioa ugaria eta iraunkorra izango da eta 24 ordutan 40-60 l/m² pilatu daitezke".
Honenbestez, bihar (hilak 29) Usurbilen, "zerua estalita egongo da eta zaparradak sarri eta indar handiz botako ditu. Eguerditik aurrera ekaitzak jo dezake. Ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da".
Euskalmet-en arabera, igandean atertze aldera joko du. "Igandearen lehenengo partean eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Zerua hodeitsu egongo da, beraz, eta zaparradak botako ditu, iparraldean hegoaldean baino sarriago eta indar handiagoz. Goizaldean eta goizean goiz kostaldean ekaitza leher liteke. Arratsaldetik aurrera iparraldean atertuz joango da, hegoaldean ateri eutsiko dio eta ostarteak agertuko dira nonahi. Goizean eta arratsaldean ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean. Tenperaturan aldaketa handirik ez; giroak udazkeneko itxurarekin jarraituko du".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus