"Lokutorioan kristalarekin egiten ez diren gainerako bisitak kendu dituzte". Bai "komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak". Guztiak bertan behera utzi ditu Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak Hego Euskal Herriko espetxeetan, baita besteak beste Madril eta Errioxa erkidegoetako, Zaragozako eta Valentziako espetxeetan, covid19-a dela eta. Topasen berrogeialdian dira presoak.
Hala salatu du egunotan Etxerat-ek eta baita Usurbilen Nahi Dituguk hilero moduan, abuztuko azken ostiral arratsalde honetan, Mikel Laboa plazan deitu duen elkarretaratzean ere. Neurriok hainbat presoei eragingo diete, tartean, duela bi urtetik kalean behar zuten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideei. Uztailaren 18an jaio zen Maddi alabarekin batera Aranjuezeko espetxean dira egun. Urtarrilean 3 urte bete zituenean haiengandik bereizi zuten alaba Xuarengandik ehunka kilometrora. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak salatu duenez, "neurri honek zuzenean eragin die Olatz eta Patxi presoei. Ia zazpi hilabete daramate Xua eta gertuko senideak besarkatu gabe-Maddi jaio zen erietxean izan zuten tartetxoa kenduta Olatzen kasuan- eta orain hala segitu beharko dute, soilik lokutorioko bisitak baitituzte".
Argi denez, lehendik ere indarrean ziren urruntze neurriei, orain, egun bizi dugun osasun krisialdiaren ondorioz, "denok dakigu presoen eta beren senideek emozio-karga handia jasaten ari direla: segurtasun-eza, urduritasuna, beldurra eta ezintasuna... Izan ere, espetxeetan isolamendua areagotzen ari da". Hartueman gero eta mugatuagoak dituzte presoek eta haien senide eta lagunek, konfinamenduak lehenik eta "deseskalatze" prozesuak gero eragindako eragozpenekin batera.
Nazioarteko erakundeen neurriak aplikatzeko eskaera
Testuinguru honetan, urruntzea lehenbailehen indargabetzea exijitzen du Etxerat-ek, eta "nazioarteko erakundeek pandemiaren hasieran gomendatu zituzten neurriak aktibatzea". Neurrion artean dira, "hirugarren gradura iristeko baldintzak dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak, arrisku-taldean daudenak eta 65 urte baino gehiago dituztenak askatzea".
Horrekin batera presoei PCR probak egitea eskatzen du, "birusa espetxeetan sartu ez dadin eta komunikatzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea duintasunez bermatzeko".
Horregatik Usurbilgo Mikel Laboa plazan eta Euskal Herriko beste hainbat plazetan, inoiz baino ozenago aldarrikatu dute "presoek jatorrizko komunitateetan egon behar dutela, euskal presoek Euskal Herrian egon behar dutela". Hala balitz, euskal presoak etxetik hurbilen diren espetxeetan egongo balira, "Nafarroako eta Euskadiko erkidegoen osasun publikoko zerbitzuak izateko aukera izango lukete".