Gipuzkoako zenbait lekutan bat-bateko uholde arriskuaz ohartarazi du Euskalmet-ek

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 29a, 10:53

"Prezipitazio handiagatik" abisu horian gara goizaldetik, eta hala segiko dugu igande eguerdira arte. "24 ordutan metro karratuko 40-60 litro pilatu daitezke", Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez. Gipuzkoan zenbait lekutan uholde arriskua egon daitekeela ohartarazi du. Egunean zehar hainbat uneetan euria gogotik egin du. 

Goizaldeko 6:00etatik abisu horian gara "prezipitazio handiagatik" eta hala segiko dugu, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, igande eguerdiko 12:00ak arte. Tarte horretan, "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² pilatu daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, zenbait lekutan handiak izan daitezke. Larunbatean, eta igandean egunaren lehen partean, prezipitazioa ugaria eta iraunkorra izango da, bereziki ekialdean, eta 24 ordutan 40-60 l/m² pilatu daitezke".

Azken orduotan Euskalmet-en arabera, "Gipuzkoan zaparrada batzuk oso handiak izaten ari dira, eta, ondorioz, zenbait lekutan bat-bateko uholdeak gerta daitezke. Kontuz!". 


Larunbat honetan (abuztuak 29) Usurbilen, "zerua estalita egongo da eta zaparradak sarri eta indar handiz botako ditu. Ekaitzak jo dezake. Ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da". Bihar (abuztuak 30), "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da; noizbehinka ostarteak agertuko dira, batez ere arratsalde-gau partean. Zaparradak botako ditu, batez ere egunaren lehenengo partean; goizaldean ekaitza izan daiteke. Ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".


Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus