Hondakinak Aranerrekako bidean

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 31a, 08:46

Hondakin ugari ageri diren igande goizean Aranerrekako bidean ateratako argazkia helarazi dio NOAUA! herritar batek. "Noiz ikasiko dugu natura zaindu behar dugula?" galdetzen du. Gertakari honen aurretik Urdaiagako Leizekalde parkean uda honetan bertan jazotakoaren harira, herriko txokoez gozatu bai baina zaintzeko deia egina zuen Usurbilgo Udalak.

Abuztuaren 30ean, igande goizez herritar batek atera eta NOAUA!ra helarazitako argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Aranerrekako bidean jasotakoa. Aulki bat ageri da bide ertzean, hondakinez josia. “Noiz ikasiko dugu natura zaindu behar dugula? Usurbil garbi baten alde!", agertu da argazkiaren egilea.

Herriko txokoez gozatu bai, baina zaintzeko deia
Udalerri honek dituen txoko ederrez gozatzen segi bai, baina zaintzeko deia egin zuen duela hilabete Usurbilgo Udalak, Urdaiagako Leizekalde parkean jasotako irudien ostean. “Barbakoa egin, askotariko hondakinak bildu ez” eta bertan utzita alde egin zuten Urdaiagako parketik irudi kezkagarriak jaso zituen Usurbilgo Udalak. Horren harira, “gogorarazten du debekatua dagoela San Estebango Leizekalde parkean sua piztea: hor dauden arteek 100-250 urte artean dituzte, eta Usurbilgo zuhaitz aipagarrien zerrendan daude. Oro har, debekatuta dago sua egitea, eta, are gehiago, Usurbilgo ondare diren zuhaitz horien artean”. Herriko txokoez gozatzen segi nahi izatekotan, “garbi mantentzea ere beharrezkoa da. Hondakinak sortuz gero, bertako edukiontzietan bota, eta, ezin bada, eraman etxera eta han sailkatu dagokion tokian”. Hementxe Udalak Urdaiagako Leizekalde parkean ateratako argazkia: