Eskualdeko gazteen martxak Sareren "Izan bidea" dinamikarekin bat egin du

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 31a, 09:04

Euskal preso eta iheslarien egoerari aterabidea ematearen aldeko Sare Herritarraren "Izan Bidea" dinamikaren baitan, gazte martxa batek Hernani eta Astigarraga lotu zituen larunbatean. 

"Gaur, Astigarragan batu gara "Izan Bidea" dinamikan esku hartzeko eta Euskal Presoen etxeratze prozesuan gure alea ereiteko. Buruntzaldeako gazteok, argi dugu: Herri honek aurrera egin dezan, Preso Politikoak etxean behar ditugu", adierazi du larunbateko ekimenaren ondotik, Buruntzaldeko Ernaik.

Ildo beretik mintzatu da baita Ernai Usurbil ere sare sozialen bidez. "Gazteok bidean gara! Atzo (larunbatean) burutu genuen ekimenean bidean garela eta bidean izango garela erakutsi genuen. Preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herri libre baten alde gazteok zuekin!".

Konponbidearen alde
Mendi martxak bi zutabe batzekoak zituen, bat Oreretatik abiatzekoa zena, bestea Hernanitik. Euria tarteko ordea, Oreretakoa bertan behera utzi eta zutabe bateratua Hernanitik abiatu zen Astigarragarantz. Eguerdian aipatu udalerriko frontoian ekitaldi batekin borobildu zuten martxa.

Hitzorduarekin bat egin zuen Buruntzaldeko Ernaik, tartean, Usurbilgo bilguneak. Mendi martxa, Sare Herritarrak abian duen "Izan bidea" dinamikaren testuinguruan deitu zuten Orereta eta Hernaniko Sare taldeek. Euskal preso eta iheslariek bizi duten egoerari aterabidea bilatzearen aldeko ekimena da honakoa.

3.127.326 kilometroko bidea osatzeko erronka
Gogoan izan, erronka berri bat finkatu zuen Sarek uztailean; Euskal Herriak dituen biztanle adina kilometroko bidea egitea; guztira, 3.127.326 kilometroko bidea hain zuzen. "Etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea". Helburu argia du, "Izan bidea, ibiltarien sarea" izenburupean Sarek abian jarri duen dinamika berriak; "euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman eta kilometroak egitea da asmoa, herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz". Oinez, bizikleta gainean, korrika, dantzan... 

"Ehunka dira oraindik ere espainiar eta frantziar espetxeetan dispertsaturik jarraitzen duten euskal presoak. Giza eskubideen urraketa horri gehitu behar zaizkio Covid19-a dela eta presoek bereziki bizi behar duten egoera prekarioa. Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi larriki gaixo dauden presoen egoera, hauen eskubideak birritan zapalduak geratzen direlako. Horren aurrean, guztia salatzeko abuztuaren 29an Hernani eta Orereta/Errenteriako Sarek elkarlanean gazte ekimen bat antolatu dugu".
 
Parte hartzeko gonbita luzatu dute. "Kilometro hauek era ezberdinetan egingo ditugu, gure aldarriak soinean hartu eta ibilian dabilen herri bat garela erakutsiz. Eta gazteok ere bide horretan lehen lerroan gaude! Beraz dei egiten diogu jendarteari eta bereziki gazteei ekimenean parte har dezaten. Jantzi zapatilak eta etorri gurekin etxerako bidea egitera! 
Denon artean lortuko dugu! Gazteok bidean!".

Informazio gehiagorako: http://sare.eus/izan-bidea/



Irudiak: Ernai