Koronabirusa

Kasu berririk ez asteburuan

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 31a, 13:40

Osasun Sailak argitara eman dituen asteburuko udalerrietako datuak eskutan, Usurbilen ez dute covid19 kasu berririk antzeman. Amaitzear dugun abuztu honetan, 13 izan dira koronabirusa detektatu zaien herritarrak udalerri honetan; martxoaz geroztik 30.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du covid19 kasu berririk antzeman abuztuaren 28tik 30erako asteburuan Usurbilen. Ez ostiralean, ezta larunbat eta igandean ere. Honenbestez, amaitzear dugun abuztuan orain arte 13 izan dira udalerri honetan koronabirusa detektatu zaien herritarrak. Azkeneko lau kasuak iragan astean; 3 abuztuaren 25ean, laugarrena hilaren 27an.

Gainerako 9 kasuak egunotan antzeman zituen Osasun Sailak: bat hilaren 4an, 2 hilaren 5ean, kasu bana hilaren 6an, 8an, 11n, 17an eta beste bi kasu hilaren 20an. Martxoaz geroztik 30 dira guztira Usurbilen antzemandako koronabirus kasuak.

Usurbil eta Lasarte biltzen dituen osasun eremuari dagokionean kasu berriak antzeman dira asteburuan; guztiak Lasarte-Orian. Oinarrizko birsorkuntza tasa 1,08koa da astelehen honetan. 

Azken 24 orduotan 5.928 proba egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 409 kasu antzeman dira, 132 Gipuzkoan, 225 Bizkaian eta 41 Araban. 22 pertsona ospitaleratu dituzte, eta 35 pertsona daude ZIU-n.


Informazio zehatza hemen: 2020ko abuztuaren 31ko covid19 datuak



 
 
 


Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila.