Koronabirusa

Iraileko hainbat hitzordu ere bertan behera

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 1a, 09:55

Covid19-a tarteko, asteotarako iragarriak zeuden hainbat hitzordu bertan behera utzi dituzte. 

Baxurde Krosa
Hilabete honetan ospatzekoa zen 13. Baxurde Krosa bertan behera uztea erabaki du Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeak. “Halere, 2021ean indar gehiagorekin itzultzeko esperantza dugu. Beraz segi entrenatzen eta gure bazterretaz disfrutatzen”, adierazi dute antolatzaileek.

Santueneko jaiak
Egunotan jaso duzuen Usurbilgo Udalaren kultur agendan jabetuko zineten; ez da ageri Santueneko jaien egitaraurik. Ohiko festak bertan behera geratu dira. Gogoan izan ordea, bertako Jai Batzordea lanean aritu zela uztailean ospatu zen Kultur Biran. Herriko Artixta Taldearen emanaldietako bat auzoko plazan egokitutako karpa gunean ospatu zen, baita bi kontzertu gau ere uztaileko lehen asteburuan. 

Zubietako hipodromoko jaialdiak
Irailaren 18 eta 19rako iragarria zegoen Donostia Festibala 2021eko irailaren 17ra eta 18ra atzeratu dute. Aurtengorako Donostiako txoko ezberdinetara hedatuko den Donostia Festibal Urban prestatu dute. Informazio gehiago, donostiafestibala.com atarian. Bestalde, La Polla Records taldearen irailaren 26ko agurreko kontzertua 2021eko irailaren 25era atzeratu dute.

Kontxako Bandera
Iraileko lehen bi igandeetan Donostiako uretan ospatuko den hitzordura ez joatea eskatu dute antolatzaileek. Hedabideetatik ikusteko gonbita luzatu dute. Honenbestez, ez da izango beste urteetan eskaini ohi duten tren zerbitzu berezirik.  Ordubete aurreratu dituzte bi jardunaldi egunak; emakumeen estropadak goizeko 10:00etan eta gizonezkoenak 11:00etan jokatuko dira irailaren 6an eta 13an. Sailkapen probak berriz bi egun ezberdinetan; irailaren 2an emakumezkoena, hilaren 3an gizonezkoena, biak arratsaldeko 17:30etan hasita. 

Ikastolen aldeko jaialdiak
Koronabirusa tarteko, udaberritik hilabete honetara atzeraturiko Herri Urrats, Araba Euskaraz eta Ibilaldia, eta hauekin batera urrian ospatzekoak ziren Kilometroak eta Nafarroa Oinez ere bertan behera uztea erabaki du Ikastolen Elkarteak. Halere jai bakoitzari ziklo amaierako ekitaldi xume eta herritarra emango diote. Bestalde, bost jaien antolatzaileak Euskal Herriari ekitaldi handi bat eskaintzeko aukera aztertzen ari dira.