Hilabetea estreinatzearekin batera, ezohiko ikasturte berria abiatuko da asteotan. Lanera nahiz ikastera itzultzeko garaia den honetan, aipatzekoa baita kultur agenda berriz martxan jarri duela Usurbilgo Udalak. Hilero herrian izango dugunaren berri ematen digun papereko euskarria etxez etxe banatu du egunotan. Martxoan kaleratu zuen azkenekoz Udalak kultur agenda. Alarma egoera dekretatu zenetik herritarrek ez dute halako argitalpenik jaso.
Iraileko agenda bizi dugun osasun krisialdiaren isla argia dugu. Hilabete honetan ospatu izan diren hainbat hitzordu falta dira (Baxurde Krosa, Santueneko jaiak...). Baina ez da eskaintzarik falta. Herriko talde edo gune desberdinetatik hilabeteotarako hainbat ikastaro iragarri dira (Santuena Elkartekoak, Einean guraso elkartearenak...). Ekimenotan izen emateko garaia da.
Bertsomagia eta liburu aurkezpena
Alarma egoera indarrean jarri zenetik, uztailaren 25ean egin zien harrera udalerri honek, herriko kultur altxor ezberdinak ezagutzeko Udalak antolaturiko Harria Hitz ekimeneko lehen bisitariei. Irailerako beste bi bisita gidatu antolatu dira, hilaren 12an eta 26an.
Azkena egingo den egun horretan, irailaren 26an, bertsomagia ikuskizuna antolatu dute Etumeta AEK euskaltegiak, NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak, Mintzalagun egitasmoak 10 urte bete baititu 2020 honetan. Urteurren horren harira Eriz magoak eta bertsolariek Mikel Laboa plaza girotuko digute.
Liburu aurkezpen baterako gonbita ere helarazi digu iraileko kultur agendak. Iazko azaroan, Tomas Zumalakarregiren bizitzaz eta garaiko testuinguruaz Sutegin antolatu ziren jardunaldietako edukiekin argitalpen bat osatu dute eta hilaren 17an aurkeztuko dute Potxoenean.
Hiru hitzordu udal Gizarte Ongizate eta Parekidetasun Sailetik
Iraileko bigarren hamabostaldirako Usurbilgo Udaleko Gizarte Ongizate eta Parekidetasun Sailetatik hiru hitzordu iragarri dituzte. Lehena hilaren 19rako. Kalezarko Felix Aizpurua plazan kokatua egon eta Udala birgaitzen ari den Pelaioenea eraikuntza, Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako auzoko beharrei erantzuteko udal ekipamenduaren egoitza izango da etorkizunean. Bi egitasmo hauei lotutako parte hartze saioak iragarri ditu Udalak; irailaren 19an 12:00etan abiatuko da Pelaioenea eraikinaren atariko plazan (euria bada, Sutegiko erakustaretoan).
"Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen" saioa ere iragarri dute hilaren 24rako 18:00etan Sutegin. "Gure herriko jatorri eta kultura aniztasuna ezberdina dugunon arteko gertutasuna eta elkarbizitza hobea lortze aldera ekintza ezberdinak diseinatu eta adostu nahi dira", iragarri du Udalak.
Azkenik, autoestima eta autozaintza feministari buruzko tailerra antolatu du Parekidetasun Sailak irailaren 25 eta 26rako (tailer beraren bi saio) emakumeentzat, Coral Herrerarekin. "Tailer honetan autoestimua, norbere buruaren ezagutza eta ahalduntze pertsonal zein kolektiboa landuko ditugu", iragarriko dute antolatzaileek.
Aurrez izen ematea
Covid19-ak baldintzatuta bizi gara egunerokoan, eta herri bizitza ere horren ispilu argia izaten ari da. Azken hilabeteotako ekitaldien antzera, irailekoak ere bizi dugun osasun krisialdira egokituta ospatuko dira, prebentzio neurri zorrotzen artean.
Ekitaldietarako aforoa mugatua izango da. Honenbestez, parte hartu nahi duenak aurrez bideratu beharko du izena telefonoz edo emailez. Usurbilen irailerako iragarri den egunez eguneko hitzordu guztien berri, web orrialde honetako "Agenda" atalean duzue.