"Gertuago" 2. fasean

Erosketa-bonu gehiago, saltoki gehiagotarako

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 4a, 13:34

Bizi dugun osasun krisialdiak kolpaturiko herri merkataritza eta ostalaritza laguntzeko abian den Gertuago egitasmoa bigarren fasean murgildu da. Erosketa-bonu gehiago jarri dituzte dendariek, Hurbilagok eta Udalak, saltoki gehiagotan xahutzeko. Establezimendu gehiagok bat egin baitute egitasmoarekin; besteak beste, elikagai dendek eta tabernek.

Lehendik ere egoera zailean zen eta covid19-ak kolpatu duen herri merkataritza eta ostalaritza sustatzeko “Gertuago” egitasmoaren bigarren fasea abiatu dute sektoreko langileek, Hurbilagok eta Usurbilgo Udalak, lehenengoak harrera bikaina izan ostean. “Oso pozik gaude lehen aldiak izan duen harrerarekin. Beste behin ere usurbildarrak erronkari heldu eta ezinhobeto erantzun dute”, zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, egitasmoaren segida aurkezteko ostegun honetan, irailaren 3an Mikel Laboa plazan egin zuten aurkezpenean.

Konfinamendu asteetan itxita izan edo galera handiak izan zituzten 31 establezimenduren parte hartzearekin abiatu zuten Gertuago egitasmoa. Erosketa-bonuen %90a saldu eta herri merkataritzak 50.000 euro pasatxoko laguntza jaso ostean, bigarren fasea ekimenean parte hartu nahi zuten establezimendu guztiei zabalik izango da; 25 saltoki gehiagok bat egingo dute jada; tartean, elikagai dendek eta tabernek. Orain arte aukeran zeuden 20, 50 eta 100 euroko bonuez gain, orain 5 eurokoak ere eskuratu ahalko dira, parte hartzaile berrien “lana eta kontrola errazteko”. Saltokietara inprimatuta eramatea eskatzen dute. Ostalariak laguntzeko lerro berri bat ere zabaldu du Gertuago egitasmoak. Aurrez ordea gogoan izan, itxialdiak eragindako kaltea arintzen laguntzeko Udalak diru-laguntza eman zion sektoreari, baita uda parte honetan terrazen eremua handitzea baimendu ere.

%20ko deskontua
Lehen fasean bezala, bigarrenean ere %20ko deskontuarekin eskuratu ahalko dira erosketa-bonoak, deskontu horren kostua Udalak bere gain hartzen segiko du, “merkatariek bonuen %100a jaso dezaten”. Bonu guztiak salduta 2.000 euroko laguntza jasoko du saltoki bakoitzak.

Adinekoengan jarria dute arreta gunea egitasmoaren sustatzaileek; “erosle finenak eta leialenak” izanik, “ez genuke kanpaina honetatik at geratzerik nahi”. Elkarlanaren eta elkar zaintzaren bidetik, erosketa-bonuak eskuratzeko zailtasunak dituztenak laguntzera deitu dute. Horrez gain, laguntzarako langile bana izango da Potxoenean, baita KzGunean ere.

GERTUAGO, 2. FASEAN
1. fasearen balantzea: 
erosketa bonuen %90 salduta, 50.350 euroko laguntza sektorearentzat (40.248 euroko herritarren ekarpena, 10.062 euroko udal ekarpena).
2. fasearen berezitasunak:
-25 saltoki gehiagok parte hartuko dute (guztira 51ek).
-Parte hartzaile berrien artean; tabernak eta elikagai dendak.
-5 euroko bonuak ere eskuragarri (baita lehen faseko 20,50 eta 100 eurokoak). 5 euroko bonuok erabiltzeko inprimatuta eraman saltokietara.
-Herritar bakoitzak gehienez 1.000 euro xahutu ahalko ditu erosketa-bonuetan, gehienez 200 euroko deskontuarekin.
-Bono guztien salmentarekin 2.000 euroko ekarpena egingo zaio saltoki bakoitzari (1.600 euro herritarren ekarpena, 400 euro Udalarena).
Erosketa bonuen eskuratzea eta informazio gehiago: gertuago.eus atarian. Laguntza behar dutenentzat: KzGunera jo (astelehenetik ostiralera, 9:00-13:00 edo 16:00-20:00) edo Potxoenera jo (astearte eta ostegunetan, 12:00-14:30). Hitzordua aurrez eskatu Potxoeneako 943 371 999 edo KzGuneko 943 023 684 telefono zenbakira deituta.
Sustatzaileak: herriko merkatari eta ostalariak, Hurbilago Elkartea, Usurbilgo Udala.