20:00etan Mikel Laboa plazan

Igor Gonzalez Sola presoaren heriotza salatzeko elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 5a, 08:02

Kartzelaldiaren hiru laurdenak beteak zituen Igor Gonzalez Sola Bilboko preso politikoa hilik agertu zen ostiral arratsaldean Martuteneko espetxeko bere ziegan. "Heriotza hau saihestu zitekeen" aldarripean, elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Sortuk larunbat arratsalde honetan (irailak 5), 20:00etan Mikel Laboa plazan. Sarek biharko (hilak 6) manifestazioa deitu du Bilbon.

Igor Gonzalez Sola euskal preso bilbotarra hilik agertu zen ostiral arratsaldean, Martuteneteko espetxeko bere ziegan. Kartzelaldiaren hiru laurdenak beteak zituen. 2005ean kartzelaratu zuten. Berriki Euskal Herrira ekarri zuten, 15 urtez Euskal Herritik kanpoko espetxeetan izan ostean. Uztailetik bi hilabete eskas zeramatzan Martutenen. "Espetxean 15 urte bete zituen, eta espetxetik kanpoko laguntza psikologikoa zuen aspalditik", Etxerat-etik berri eman dutenez.

Sakabanatze-politikak eragindako beste biktima bat dela salatu du, Gonzalez Solaren heriotza. "Guztira 22 pertsona hil dira espetxean, medikuen laguntza ezaren, salbuespeneko espetxe-politikek eragindako muturreko bizi-baldintzen eta euskal preso politikoek duten presio jasanezinaren ondorioz", Etxerat-ek salatu duenez.

Heriotza hau hain zuzen, batzuk amaiera eman nahi ez dioten sakabanatze-politiken isla argia dela nabarmendu du. "Espetxean hildakoak ditugu, urrunketaren eraginez hildakoak ditugu eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute sufrimendu honekin amaitu nahi".

Etxerat-etik "elkartasuna eta besarkada bero eta maitekorra helarazi nahi die familiakoei eta lagunei une latz hauetan". Bat egin dute iganderako (irailak 6) Sarek Bilbon deitu duen manifestazioarekin. 

"Salbuespen-legeak heriotza dakar"
Sare Herritarrak ere gogor salatu du hain zuzen, Igor Gonzalez Sola presoaren heriotza. "Edozein preso bortizki hiltzeak kartzela-sistemaren porrota dakar, eta horixe salatu du Sarek aspalditik. Kartzela ezin da pertsonen biltegi bat izan, non pilatuta bizi diren kondena amaitu arte. Igorrek, beste preso askoren kasuan bezala, sistema anker baten ondorioz bizia galdu du, aparteko baldintzetan bere espetxe zigorrari aurre egitearen ondorioz, salbuespen legediaren ondorioz. Horrek gogoeta eginarazi behar die erakunde eta alderdi guztiei".

Eskubide urraketarik pairatu izan ez balu, gaur egun aske eta bizirik egongo zela ohartarazi du Sarek. "Igorrek, eskubide urraketa ugari jasateaz gain, kondenaren 3/4 beteta zituen, eta ohiko legedia ezartzen zaien gainontzeko presoei aplikatzen zaien espetxe-araudi bera aplikatu izan balitzaio, gaur egun aske egongo zen eta bizirik".

Horregatik beste behin Sare-tik diotenez, "ez gara aspertuko etxean nahi ditugula eta, batez ere, bizirik nahi ditugula errepikatzeaz. Salbuespen-legeak heriotza dakar eta guztion ardura da politika hau betiko bertan behera lagatzea".

Herritar guztiak manifestatzera deitu ditu igandean Bilbon. Aldez aurretik, larunbat honetan elkarretaratzea Usurbilen.

MOBILIZAZIOAK
Irailak 5, larunbata
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: USurbilgo Sortu.

Irailak 6, igandea
12:00 Manifestazioa Bilboko Eliptika plazatik.
Deitzailea: Sare.