Koronabirusa

Ohiko ordutegian zabalik baina neurri bereziekin gaurtik liburutegia

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 7a, 08:11

Urtero moduan, ikasturte berriarekin ohiko ordutegira itzuliko da astelehen honetan (irailak 7) Sutegi udal liburutegia. Baina bizi dugun osasun krisialdia tarteko ezohiko neurrien artean, udal zerbitzu honetatik jakinarazi dutenez.

Sare sozialen bidez jakitera eman duenez, urtero moduan udan zehar izan duen ordutegia eten eta ohikora itzuliko da astelexen honetan (irailak 7) Sutegi udal liburutegia. Goiz eta arratsaldez zabalduko dute gunea; goizez, 10:00-13:00 artean, eta arratsaldez, 16:00-19:30 artean. 

Ohiko ordutegia jarriko dute indarrean baina, ezohiko neurrien artean. Liburutegi barrura sartzeko, gainerako gune itxietara bertaratzeko egiten dugun moduan, ohiko 3 prebentzio neurriak hartu beharko ditugu; musukoa jantzita, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko ditugu eta pertsonen arteko 2 metroko distantzia errespetatu beharko dugu. 

Horrez gain, 12 urtetik beherakoak heldu baten laguntzaz sartu beharko dira Sutegi udal liburutegira. Eta kultur etxeko gune honetako barne erabilera edo bizitzari begirako beste ohar bat; aforo mugatua izango du, bai harrera zerbitzuan, baita mailegu eta itzulketa zerbitzuetan ere; 2 pertsonakoa. Neurri bera aplikatuko dute "apaletara joateko" garaian ere. 

Kontsultak egiteko edota lanerako baliatu behar dutenentzako 10 lagunentzako lekua egongo da liburutegian. Ordenagailuak baliatzeko erabilera mugatua aldiz; 3 lagunentzat. 

Informazio gehiagorako, hemen Sutegi udal liburutegiarekin hartuemanetan jartzeko bideen berri:
943 360 692
688 625 477
biblioteka@usurbil.eus
katalogoak.euskadi.eus
liburubila.euskadi.eus