Koronabirusa

Kasu bakarra azken astean

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 7a, 09:02

Covid19 kasu bakarra antzeman du Osasun Sailak azken astean Usurbilen. Abuztuaren 31n hain zuzen. Ordutik ez da diagnostikatu berririk izan udalerri honetan.

Covid19-ari lotutako asteburuko datuak plazaratu ditu Osasun Sailak, astelehenero egiten duen moduan. Kasu berririk ez Usurbilen, eta halaxe daramagu astebetez. Koronabirusa abuztuaren 31n diagnostikatu zioten azkenekoz usurbildar bati. Martxoaz geroztik sei hilabetotan guztira 31 herritarrei antzeman diete Covid19-a.  

7 eguneko 100.000 biztanleko tasa baxuenetarikoa du Usurbilek; 15,83koa. Usurbilek eta Lasarte-Oriak osatzen duten osasun eremura jotzen badugu, 181,05eraino igotzen da aipatu tasa hau, azken egunotan Lasarte-Orian antzemandako kasuengatik. Abuztuaren 31z geroztik, eremu honetan, 59 kasu detektatu dituzte. Haietatik bakarra Usurbilen. 

Eskualdeko tasa baxuena
Buruntzaldeko gainerako udalerriei dagokienean, hamarna kasu antzeman dituzte azken astean Andoainen eta Astigarragan. Hernanin gehiago, bertako adinekoen egoitzan izan den agerraldiagatik; 67. 16 Urnietan. Segidan, azken 7 egunetako 100.000 biztanleko transmisio tasak eskualdean:
-Andoain: 66,91.
-Astigarraga: 161,81.
-Hernani: 334,78.
-Lasarte-Oria: 292,16.
-Urnieta: 258,48.
-Usurbil: 15,83.

Nabarmenak dira udalerrien artean dauden desberdintasunak. Askogatik Usurbilek du Buruntzaldea mailan kutsatze tasa baxuena.
 
162 kasu Gipuzkoan
Gipuzkoan 162 kasu antzeman dituzte azken 24 orduotan, 35 Araban, 299 Bizkaian, guztira egindako 6.190 PCR probetan. Hiru herrialdeotan, 31 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 49 ZIU-n daude. Aspaldiko partez, puntu bakarraren azpitik behar lukeen oinarrizko birsorkuntza tasa halaxe dago astelehen honetan; 0.97an.

Osasun Sailak datu guztiokin argitaraturiko txostena esteka honetan kontsulta dezakezue: Covid19 datuak