Xabier Mikel Errekondo eta Imanol Agirretxe, ETB-ren gaurko "Itzulera" saioan

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 8a, 08:00

Aurrerantzean astearte gauero eskainiko den saio berria estreinatuko du gaur (irailak 8) ETB-1-ek 22:30etan; "Itzulera". Goi mailako kirolari-ohiak izango ditu protagonista, tartean bi herritar; gaurko estreinako atalean, Xabier Mikel Errekondo. Hurrengo asteetan, Imanol Agirretxe.

Agustin Ezenarrok aurkeztuko duen programa berrian zehar, "saio bakoitzak kirolari bat izango du protagonista", eitb.eus atariak aurreratu duenez. Estreinaldian, usurbildar bat; Xabier Mikel Errekondo eskubaloi jokalari ohia. Bere "bizitza profesional zein pertsonalari errepaso bat emango diote. Usurbilgo talde hasiberritik Europako Kopa irabazi arteko bidea ardatz hartuta arituko dira solasean, politika mundua albo batera utzi gabe".

Ez da saio honetan agertuko den usurbildar bakarra izango; Arantxa Orbegozo txirrindulariarekin, Oskar Lasa pilotariarekin, Nagore Osoro patroiarekin eta Markel Irizar txirrindulariarekin batera, Imanol Agirretxe futbol jokalari izandakoak ere parte hartuko du ETB-ren programa berri honetan.

Bilbo-Bilbo martxa zikloturista osatzeko erronka
Aipatu moduan, saio bakoitzak kirolari bat izango du protagonista, baina guztiak erronka baten bueltan bilduko dituzte. "Markel Irizar txirrindulariaren gidaritzapean, Bilbo-Bilbo martxa zikloturista egiteko erronka jarri dute Markelek berak eta beste bost kirolari ohik. Bilbon hasi eta hiri berean amaitzen den arren, 125 kilometro egin beharko dituzte helmugara iritsi aurretik".

Erronka honen bueltan, "landetxe batean egonalditxo bat egiteko hitzordua dute jarrita, bizikleta gainean entrenatzeaz gain, oso garrantzitsua baita tropeleko kideen arteko harremana. Horrela, bizikleta gaineko bilakaeraren lekuko izatearekin batera, kirolariak sakonago ezagutzeko aukera du ikusleak. Kirolari bakoitzaren ibilbide profesionala aztertuko da, paraleloan doan bizitza pertsonala albo batera utzi gabe".

Kirolari bat protagonista, eta kirolarien mahai-ingurua
Saioa honenbestez modu honetan egongo da egituratua; kirolari baten bueltan, "hala, gosarian, protagonista eta haren ibilbidea ardatz hartuta, Agustinek bideratu duen solasaldi batek emango dio hasiera saioari. Ondoren, Markel Irizarrek hartuko du lekukoa, bizikletaren gainean trebatzen joateko saioa bideratzeko. Kirolarekin jarraituz, protagonistarekin zerikusia duen kirol bat egitera joango dira.

Nahikoa kirol egin dutela kontuan hartuta, landetxera itzuliko dira eta bertan bi solasaldi egongo dira: batetik, Agustin eta protagonistaren artekoa, afaria prestatu bitartean, eta, bestetik, kirolari guztiekin mahai-inguruan, afaldu bitartean".

Ezustezko eta emozioz beteriko "Itzulera"-ren azken saioan, "hainbeste itxarondako martxa zikloturista egin beharko dute".