Xabier Mikel Errekondoren biografiari errepaso hunkigarria bart ETB-n

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 9a, 13:03

Eskubaloi jokalari ohi eta Usurbilgo alkate izandakoaren biografia errepasatu zuen "Itzulera" ETB-ren saio berriak, besteak beste, senide usurbildarrak islatu zituen irudien bidez. Eskubaloiko garaipenak, politika munduan jorraturiko ibilbidea... hartu zituzten ahotan. Datozeen asteetan, Imanol Agirretxe izango du protagonista aipatu programak.

Usurbildar ezagun bat protagonista zuela estreinatu zuen bart Euskal Telebistak, "Itzulera" saioa; Xabier Mikel Errekondorekin. Bere biografiari errepasoa eman zioten, programa berrian bidelagun izango dituen aurkezle Agustin Ezenarrorekin eta kirol munduan ezagun egin diren bost lagunekin batera; Arantxa Orbegozo txirrindulariarekin, Oskar Lasa pilotariarekin, Nagore Osoro patroiarekin eta Markel Irizar txirrindulariarekin. Imanol Agirretxe futbol jokalari usurbildarra ere parte hartzen ari da ETB-ren programa berri honetan.

Bart gaueko saioko protagonistarengana itzulita, bereziki eskubaloi jokalari gisa izan zuen ibilbide arrakastatsua oroitu zuten; besteak beste, irabazitako Asobal kopa, Espainiako liga, Europako bi kopak eta bost errege-kopak.

Senideekin iruditan
Jakinmina eragin zuen, Usurbilgo alkate ohiak politika munduan nahiz eskubaloi jokalari izandako garaiko hainbat pasarteek; tartean, Espainiako errege-etxearekin izandako hartuemanak, edota Espainiako Selekzioarekin jokatu behar izan zuenekoak.

Une hunkigarri bat baino gehiago bizi izan zituzten saioan, familiak bizi izandako istripua oroitu zutenean, edota Xabier Mikeli alaba Lur (bera ere eskubaloi jokalaria) bisitan joan zitzaionean. Bere bizitza iruditan erakutsi zigun "Itzulera" saioak, bera eta senideak agertzen ziren hainbat argazkiren bidez.

Bilbo-Bilbo martxa zikloturista prestatzen
Bizipen guztiok lehen aipaturiko gainerako kirolariekin partekatu zituen Errekondok. Elkarbizitza saio bat ere bai baita "Itzulera". Agustin Ezenarrok aurkezturiko sei ataleko programa berriak aipaturiko kirolari bat izango du protagonista astero. Erronka bat ere prestatuko dute, haien bizitza ezagutzera ematearekin batera; "Markel Irizar txirrindulariaren gidaritzapean, Bilbo-Bilbo martxa zikloturista egiteko erronka jarri dute Markelek berak eta beste bost kirolari ohik. Bilbon hasi eta hiri berean amaitzen den arren, 125 kilometro egin beharko dituzte helmugara iritsi aurretik". 

Proba honetarako prestaketa lanak erakutsiko dituzte. Horrez gain, partaide bakoitzak bere aritu izan den kirol jarduera erakutsiko die saioko gainerako kideei. Esaterako bart, Xabier Mikel entrenatzaile zutela, eskubaloian aritu ziren Bera Berako neskekin.

Errekondorekin egin duten moduan, datozen asteetan Imanol Agirretxeren bizitzari buruz ere jardungo dute sei atalez osaturiko programa honen baitan. Bart gauekoa ikusgai duzue osorik, "EITB Nahieran" atarian, eitb.tv helbidean