Koronabirusa

3 kasu berri, baina Gipuzkoako tasa baxuenetarikoa Usurbilek

Azken 24 orduotan 3 covid19 kasu berri antzeman ditu Osasun Sailak Usurbilen. Halere, kasu detektaturen bat dutenen artean, kutsatze taxa baxuenetarikoa du udalerri honek.

Abuztuaren 31z geroztik ez zen covid19 kasu berririk antzeman atzora arte. Osasun Sailak 3 kasu berri antzeman ditu Usurbilen azken 24 orduotan. Honenbestez, martxoaz geroztik azken sei hilabeteotan ofizialki 34 dira koronabirusa detektatu zaien herritarrak.

3 kasu berri agertu arren, Usurbilek 7 eguneko 100.000 biztanleko tasa baxuenetarikoa du; une honetan 47,48an da. 15 dira azken astean kasu berririk izan ez eta 0,0ko tasa duten udalerriak Gipuzkoan.

Kasuren bat dutenen artean; Zizurkil (33,01), Zumaia (30,53), Azkoitia (41,70), Getaria (35,14) dira, kasuren bat edo gehiago izanik, Usurbilen baino tasa baxuagoa duten udalerri bakarrenetakoak. Udalerri gehienek tasa altuagoa dute; Abaltzisketa (609,76), Alkiza (867,05), Berrobi (1.141,92), Hernialde (1639,34), Ikaztegieta (3557,31)... dira tasa altuena dutenak.

Usurbilek eta Lasarte-Oriak osatzen duten osasun eremura jotzen badugu 230,08ko tasa du. Azken 7 egunetan, 61 kasu antzeman ditu Osasun Sailak. Haietatik 3 baino ez Usurbilen. 

Eskualdeko tasa baxuena
Buruntzaldeko gainerako udalerriei dagokienean, 18 kasu detektatu dituzte azken 7 egunotan Andoainen, 15 Astigarragan, 71 Hernanin, 56 Lasarte-Orian, 13 Urnietan eta 3 Usurbilen.

Segidan, azken 7 egunetako 100.000 biztanleko transmisio tasak eskualdean. Nabarmen egin dute gorantz azken egunotan:
-Andoain: 120,44 (astelehenean, 66,91).
-Astigarraga: 242,72 (astelehenean, 161,81).
-Hernani: 354,77 (astelehenean, 334,78).
-Lasarte-Oria: 297,48 (astelehenean, 292,16).
-Urnieta: 210,02 (astelehenean, 258,48).
-Usurbil: 47,48 (astelehenean, 15,83).

Nabarmenak dira udalerrien artean dauden desberdintasunak. Baina askogatik Usurbilek izaten segitzen du Buruntzaldea mailan kutsatze tasa baxuena.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.906 PCR proba egin dituzte azken 24 orduotan. 661 positibo detektatu dituzte, haietatik 240 Gipuzkoan, 312 Bizkaian eta 97 Araban, 12 hiru herrialdeetatik kanpo bizi direnen artean. 53 pertsona ospitaleratu zituzten eta 52 pertsona daude ZIU-n.

Datu guztiok biltzen dituen Osasun Sailaren txostena esteka honetan eskura dezakezue: covid19 datuak